Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astearen 36. edizioa abian da. Urteroko moduan, txangoa, bisita gidatuak, hitzaldia, erakusketa, azoka eta haurrentzako parkea antolatu dituzte. Aurten Xabier Ormazabal urretxuarraren heriotzaren 20. urteurrena da eta omenaldia egin diote: erakusketa muntatu dute igo zituen mendietatik ekarritako harriekin, bere espedizioetan erabiltzen zuen materialarekin eta bere bizitzari buruzko informazioa eskaintzen duten panelekin, besteak beste. Erakusketa udaletxeko portaloian ikus daiteke: gaur, bihar eta etzi, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Inaugurazio ekitaldia atzo egin zuten. Bertan, herritar ugari elkartu ziren. Maialen Fidalgo zinegotzia izan zen hitza hartzen lehena. Inaugurazioa Ramon Arbizu alkate ohiaren hiletaren ondoren izan zen eta Mineralogia eta Paleontologia Astea Arbizu alkate izan zen garaian sortu zela gogoratu zuen. Javier Aguadok Mineralogia eta Paleontologia Asteko bultzatzaileak Ormazabali harriak asko interesatzen zitzaizkiola aipatu zuen. “Harrien testura asko interesatzen zitzaion, espedizioetan zer aurkituko zuen jakiteko balio baitzion. Erakusketa honekin zauri bat itxi dut. Izan ere, Himalaiatik itzultzen zenean bere harrieki erakusketa egingo genuela agindu nion, baina zoritxarrez ez zen itzuli. Asko kosta zaigu erakusketa egitea, Andoni (Xabierren anaia) zoratu dut… baina lortu dugu. Lagundu diguten guztien lana goraipatu nahi dut”.
Andoni Ormazabalek Aguaduri egindako lana eskertu zion. “Oso tematia izan da. Xabier hil zenean, ez berak eta ez nik ez genuen egitasmo honi eusteko kemenik. Ondoren, Javier gaixo jarri zen. Zorionez, osatu egin da eta lortu dugu”.
Ondoren, lagundu dieten guztiei eskerrak eman zizkieten: Ramon Olasagastiri (testuak idatzi ditu), Carlos Velaquezi (panelekin lagundu die), Zintzo-Mintzo elkarteari (harri hitzari buruzko lan bat egin du erakusketarako) eta Juan Carlos Escuderori (maketazioarekin lagundu die). Gainera, Xabierren amari, Koro Aristegiri, lore sorta bat oparitu zioten. “Eskerrik asko horren mutil jatorra emateagatik”, esan zuen Aguadok.
Bukatzeko, Andoni Ormazabalek erakusketaren edukia azaldu zuen.