Elite txapelketako azken partidak jokatu dituzten pilotariak eta Zumarragako Udala, Movember mugimenduarekin
Goierri Moherri taldeak hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtero, Movember kanpainaren barne. Aurten Zumarragan ere hainbat ekitaldi egingo dituzte. Movember mugimenduaren helburua gizonen osasunaren inguruan hausnartzea da. Zehazki, prostata eta barrabiletako minbiziaren eta osasun mentalaren inguruan. Hausnarketa hori gizarteratzeko, gizonezkoei biboteak jartzea eskatzen diete. Horretaz gain, hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Taberna eta dendetan itsulapikoak jarri dituzte eta azaroaren 16an postua muntatuko dute Zumarragako azokan. Bertan, itsulapikoak jartzeaz gain, merchandising produktuak salduko dituzte. Gainera, barrabiletako minbiziari buruzko hitzaldia egingo dute eta bibotedunen argazkia aterako dute Zumarragako plazan. Hitzaldiak eta argazkiak ez dute datarik oraindik. Bestalde, kirol ekitaldietan gaia gizarteratzeko asmoa dute. Atzo Elite pilota txapelketako azken partidak jokatu ziren Zumarragako Beloki pilotalekuan eta partiden aurretik pilotariek, Mikel Serrano alkateak eta Movember mugimenduko Enrique Zaldua zumarragarrak pankartarekin argazkia atera zuten. Datorren larunbatean gauza bera egingo dute bote luze txapelketako finalean.