Tolosan haurren lehiaketa irabazi du
Atzo arratsaldean The Resonanz Children’s Choir Indonesiako haur abesbatzak abestu zuen Urretxuko Udazkeneko Musika Zikloan. Abesbatza horrek Tolosako lehiaketa ospetsuan parte hartu du eta haurren saria irabazi du. Urretxun ere kontzertu gogoangarria eskaini zuten. “Oso kontzertu berezi eta polita egin zuten. Programa polita eta zaila zen. Sekulako formazioa dute eta ikuskizun izugarria eskaini zuten”, aipatu du Javier Arratibel Goiargi abesbatzako zuzendariak.
Kontzertuaren ondoren, Txirimiri elkartean afaldu zuten. Urtero Tolosako lehiaketan parte hartu duen abesbatza batek Urretxun abesten du eta abesbatza horrek Txirimiri elkartean afaltzen du. Atzo, Txirimiriko bazkideek pasta barazkiekin eta oilaskoa saltsan prestatu zuten. Indonesiako neskek, esker onez, kanta pare bat abestu zituzten afalostean. Ondoren, ohorezko liburuan sinatu zuten. Txirimiriko ohorezko liburuan mundu osoko abesbatzek sinatu dute.