Bizikidetza eta gizarte kohesioa sustatu nahian, Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak SOS Arrazakeriaren Bizilagunak ekimenarekin bat egingo du aurten ere, eta berriro, egitasmoan parte hartzera gonbidatzen ditu inguruko familiak.
Hurrengo azaroaren 24an Bizilagunak kultur arteko bazkarien 12. edizioa ospatuko da, Hamaika zapore, mila istorio lelopean. Ekimen horrek mahai baten inguruan bi familia bilduko ditu. Batak jatorria atzerrian du, besteak ez. Elkarrekin, kultur arteko bazkari bat partekatuko dute, aurreiritziak eta estereotipoak apurtuz eta herritarren arteko harremanak sortuz.
Edizio honetan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea azaroaren 15era arte irekita dago eta ondorengo web helbidean egin daiteke: sosracismogipuzkoa.org/bizilagunak.
Informazio gehiago nahi izanez gero, aniztasuna@urretxu.eus helbidera idatzi daiteke edo 693 90 0568 zenbakira deitu.