Urretxu eta Zumarragan ere uholdeak kaltetutako valentziarrei laguntzeko bilketa antolatu dute. Astelehenean hasi zuten eta atzo bukatzeko asmoa zuten, baina hiru egun luzatzea erabaki dute. Bilketa Urretxuko Labeaga 5eko lokalean (Kutxaren ondoan) egiten ari dira. Gaur (asteazkena) eta bihar (osteguna) 10:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 19:00etara egongo dira bertan eta etzi (ostirala) 13:00etatik 15:00etara.
Horra hor behar den guztia: musukoak, eskularru gogorrak, toallatxo hezeak, pixoihalak (haurrenak eta helduenak), konpresak, tanpoiak, komuneko papera, garbiketa produktuak, palak, erratzak, kuboak, linternak, pilak, zabor poltsak, mantak, lo egiteko zakuak, janari ez galkorra, jaio berrientzako esnea (prestatuta, ez baitute argindarrik) eta umeentzako poteko janaria. Arropa gehiago ez dute hartuko. Herritarren erantzuna bikaina izan da.