ETB1eko 'Txoriene' saioko aurkezleak bertako produktuekin egindako errezetak irakatsiko ditu larunbatean Zumarragako azokan
Larunbat honetan, 11:30ean, Patrizia Vitelli (@foodiario) influencer eta telebista aurkezleak 0 kilometroko produktuekin egindako errezetak irakatsiko ditu Zumarragako udaletxearen azpian.
Vitelli ETB1eko Txoriene saioko aurkezlea da eta bere sukaldaritza praktikoagatik egin da ezagun. Zumarragan, egun horretan bertan azokan erositako sasoiko eta kalitatezko produktuak erabiliko ditu. Kalabaza hummusa granadarekin eta pita ogiarekin; kuskusa sagar, mahaspasa eta oilaskoarekin eta zerbak saltsan prestatuko ditu. Errezeta erraz eta osasungarriak egiten irakatsiko du eta hurbileko produktuen balioa eta eskualdeko aberastasun gastronomikoa nabarmenduko ditu.
Ekitaldi honen helburua, azokako erosketa esperientzia dinamizatzea, sare sozialetan aktiboak diren gazteak erakartzea eta bertako produktuen kontsumoa bultzatzea da. Nahi duten guztiek parte har dezakete eta ez dago izena eman beharrik.
Zumarragako Udalak Azoka Bizi ekimenaren baitan antolatu du larunbateko ekitaldia. Egitasmo horren helburua azoka herritarrei gerturatzea da. Horretarako, ipuin kontalari saioak ere antolatu ditu. Ipuin kontalariak ikastetxeetara joan dira eta azokaren berri eman dute, belaunaldi berriek azokako produktuen balioa eta bertako ekoizleen lana ezagutu ditzaten.