Fermina Mikelestorena hil da, 99 urterekin. Mikelestorena Zumarragako Elizkaleko Eusebio tabernako azken nagusia izan zen. Hilbeila Urretxuko beilatokian egingo dute gaur, goizean 13:00ak arte eta arratsaldean 15:30etik 17:30era. Hileta elizkizuna San Martin de Tours parrokian izango da, 18:00etan.
Mikelestorena 1924an jaio zen, Etxalarren (Nafarroa). Pedro Iurrebaso urretxuarra Etxalarko neska batekin ezkondu zen eta Aitxu baserriko Inazio Elgarresta bere lagun mina ezkontzara gonbidatu zuen. Han ezagutu zuten elkar Elgarrestak eta Mikelestorenak. Ezkondu zirenean Urretxuko harrobiaren gainean dagoen Mañari baserrira joan ziren bizitzera. Ondoren, Inaziok Sasieta Berri (Etxezuri) baserria eraiki zuen, Azkoitira doan errepidearen ondoan. Zortzi seme-alaba izan zituzten. Elgarrestak harrobian eta Orbegozon lan egin zuen. Alabetako batzuk bi herrietako taberna ezberdinetan lan egiten zutenez, Eusebio taberna hartzea erabaki zuten. Ferminak sukaldean lan egiten zuen eta tabernara oinez joaten zen, goizean eta arratsaldean, Urolako trenbidetik. Seme bat errefuxiatua izan zen. Tabernan lehergailua jarri zieten eta hor bukatu zen Eusebio tabernaren historia.
2020ko otsailean Otamotzek Eusebio tabernan lan egin zuten lau emakume elkartu zituen. Erreportajea irakurtzeko, sakatu hemen.