Gaurko egunez sortu zuten 25 lagunek, 1974an. Urretxuko etxe-orratzaren barreneko soziedadearen aurrean elkartu dira bazkideak eta lagunak.
Txirimiri elkarteak 50 urte bete eta ospatu ditu, gaur. 1974ko azaroaren 9 batean ireki zuten elkartea, Urretxuko etxe-orratzaren barrenean. Gizartea aldaketa egarriz bor-borka zen orduan. Etxe hartan lau elkarte sortu zituzten; Txirimiri zen bigarrena, Urretxuaren ondoren. Euskal Jaiaren antolaketan eta sorreran parte hartu zuten.
25 lagunek osatzen zuen kuadrillak eratu zuen Txirimiri. Beste horrenbeste lagun hartzeko lekua ireki zuten, eta 56 bazkide dira gaur egun. Asko eta asko festan izan dira gaur, elkartearen banderaren kolorera egindako lepoko zapia jantzita.
“Badira 50 urte gure txokoa inauguratu zela. Hain justu, azaroaren 9an. Egun garrantzitsua da guretzat”, esan du Jexux Mari Alberdi elkartekideak, ekitaldiari hasiera emateko. Ospakizun egitaraua prestatu dute, gaurko. Aitor eta Iñaki Mendiaraz anaien txalaparta ttakunekin hasi da mende erdiko ekitaldia.
Bazkide, lagun eta inguruko guztientzat otamena banatu dute. Amaia Aranburu eta Aitor Txintxurreta bazkideek bertso bana abestu dituzte: “Mende erdia igaro eta,/ Txirimirik badu ditxa; / elkarbizitza, hartu-emana, / sustatzea zen baldintza. / Sukaldaritza eta kirola, / kultura eta herrigintza, / izan ohi dira gure artean, / harreman sendoen giltza. / Indar beterik aurrera doa /elkartearen bizitza“, kantatu du Aranburuk bertso batean.
“Azaroaren bederatzia, / guretzat data kuttuna, / egun horretan abiatu zen / elkartearen jarduna. / Ongi etorri izan zaitezte / gozatu ospakizuna. /Beti gogoan falta direnak / ta galdutako laguna. /Besarkada bat bihotz-bihotzez / ta ondo pasa eguna“, bestean Txintxurretak.
Txistulari bandak jotako doinu solemne batekin, elkartearen bandera igo dute bazkide zaharrenak eta gazteenak, Juan Jose Anduezak eta Iñigo Etxanizek.
Pello Gonzalezek hitz batzuk esan ditu ondoren, eta ohorezko Agurra dantzatu dute Josu Calvo, Andoni Rodriguez eta Jon Toledo bazkidek. Bazkide-sortzaileen artetik bizirik diren hamar lagun omendu dituzte, ondoren: Juan Jose Andueza, Juan Mari Aldama, Luis Mari Altzelai, Javier Calvo, Jose Luis Idiakez, Alberto Tauske, Jose Ignacio Salaberria, Angel Garcia (Angel Garcia semeak jasoko du, bazkidea bera ere, aita Bartzelonan bizi baita), Salvador Navarro eta Jose Ramon Uregain.
Elkarteko koruak, espreski ekitaldirako sortua, Boga boga abestu du. Familia-argazki jendetsua aterata, festaren bigarren zatiari ekin diote, mahaiaren bueltan.
Elkartearen historiari buruz, artikulu honetan irakur daiteke.
Argazkiak: Gotzon Aranburu