Algar Arantza Albisuak ireki zuen 1975ean eta handik zazpi urtera bere ahizpa Garbiñe elkartu zitzaion
Urretxuko Algar estetika zentroko Arantza eta Garbiñe Albisua ahizpek erretiroa hartuko dute abenduan. Algar Arantzak ireki zuen 1975ean eta zazpi urte beranduago bere ahizpa Garbiñe elkartu zitzaion. Arantzak irekiera eguna eta ordua eta lehen bezeroa gogoratzen ditu. Ordutik, Urretxu-Zumarraga eta inguruetako ehunka lagun pasa dira Algarretik.
Arantzari ilearekin eta azalarekin lotutako guztia asko gustatzen zitzaion eta Zarautzera joan zen ikastera, Batxilergoa egin ondoren. «Han, estetika ile-apainketa baino gehiago gustatzen zitzaidala ikusi nuen. Donostian lan egin nuen eta ondoren Algar ireki nuen», azaldu du.
18 urte besterik ez zituen. «Aknea izan nuen eta horrelako zerbait duzunean azalaren garrantziaz jabetzen zara. Gainera, adin horretan nortasuna ez duzu ondo finkatuta eta halakoetan sufritu egiten da. Hori dela eta, besteei laguntzea erabaki nuen. Azala ondo edukitzea oso garrantzitsua da. Edertasuna eta osasuna azaletik hasten dira. Askotan, ondo garbitzearekin eta hidratatzearekin nahikoa da. Azalak ez du gehiegi eskatzen. Gaixotasunak beste kontu bat dira. Baina askotan azal on bat dugu eta ez dugu zaintzen. Eta azala bizitza osorako da. Egunero pixka bat zainduta, bizitza osoan osasuntsu mantendu dezakegu. Azala zaintzea eguneroko errutinan sartu beharko genuke, hortzak garbitzea bezala. Ohitzen garenean, ez dugu uzten. Izan ere, mesede egiten digula konturatzen gara».
Lanean hasi zenean, ez zeuden estetika zentro asko Urretxu eta Zumarragan. «Hemen behean lurrindegi bat zegoen eta noizean behin estetizista bat ekartzen zuten kanpotik. Behin gurera etorri zen, depilatzera, eta egunean bezero bakar bat banuen ere, ez ixteko esan zidan. Egia esan, sekulako zortea izan nuen: berehala jende asko etorri zen. Garai hartan jende gehiago bizi zen Urretxu eta Zumarragan. Asmatu genuela uste dut: beti zerbitzu pertsonalizatua eskaini dugu. Izan ere, pertsona bakoitza bakarra da eta bere beharrak ditu».
Algarren 49 urte hauek «oso onak» izan direla dio, eta «estetika mundua asko aldatu» dela. «Depilazioari dagokionez, adibidez, lehen argizaria erabiltzen genuen eta egun laserra. Lehen masaje guztiak eskuz egiten ziren eta egun aparailuak ere badaude. Guri lan hau beti asko gustatu zaigunez, gure burua ondo prestatu dugu. Ikastaro asko egin ditugu. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan urtero Londresera joaten ginen, estetika modernoaren hiriburua baitzen. Lanean jarraitzeko gogo handiarekin itzultzen ginen eta jendeak hori nabaritu egiten zuela uste dut. Gainera, segurtasun handia ematen zigun».
Estetika munduaz gain, bezeroen profila ere aldatu egin da hasi zirenetik. «Lehen gehienak emakumezkoak ziren, baina egun ia erdia gizonezkoak dira. Oso gutxirekin azalak asko eskertzen duela konturatu dira. Eta gizonezkoak, zerbaitek mesede egiten diela konturatzen badira, ez dute uzten».
Lanbidea asko gustatzen zaien arren, jubilatzea erabaki dute. «Maiatzean 68 urte egingo ditut eta Donostian bizi naiz, gainera. 32 urte daramatzat Donostiatik Urretxura etortzen. Pena handia ematen dit, baina ez dakit osasunak zenbat iraungo didan eta denbora hori aprobetxatu beharra dut. Ahizpa gazteagoa da eta hasieran jarraitzeko asmoa zuen, baina bera ere Donostian bizi da eta uztea erabaki du».
Bezeroak ere atsekabetuta ageri dira. «Gehienek negar egiten dute. Gure bezero batzuk ireki nuenetik datoz gurera. Familia batzuetan, hiru belaunalditako emakumeak etortzen dira gurera. Lasai etortzen dira, badakite arazoa konponduko diegula… Gainera, hemen gehienek arropa kendu beharra dute eta arropa kentzen dutenean konfiantza osoa ematen digute. Horrek harreman estua sortzen du. Ez dira bezeroak, lagunak dira. Milaka ezkongai makilatu ditut beraien ezkontza egunean. Egun handi hori eta beraien ilusioa beraiekin bizi izan dut. Ondoren, haurdun gelditu direnean, hona etorri dira azala zaintzera. Eta erditzearen ondoren ere bai», azaldu du Arantza Albisuak. Eskerrak eman nahi dizkie. «Guretzat ez dira bezeroak, lagunak dira. Gehienek gure telefono zenbakia dute. Zalantzaren bat badute, lasai asko deitu gaitzakete. Lagun batek deitzen dizunean, gustura laguntzen diozu».
Eta orain, zer? «Ordenagailua erabiltzen ikasi nahi dut, adibidez». Bere ahizpak «bizi» egin nahi duela dio. «Egunero ordu asko lan egin ditugu eta orduak dira gure altxor handiena. Lehen mundu guztia abuztuan joaten zen oporretara eta uztailean 23:00ak arte lan egiten genuen. Hemendik aurrera gure bizitza gurea izango da. Eduki ez duzun hori nahi izaten duzu. Kontua ez da hemendik aurrera ezer ez egitea, baizik eta nahi duguna egin ahal izatea», dio Garbiñek.
Berak ere oso gustura lan egin du urte hauetan guztietan. «Ahizpari laguntzen hasi nintzen eta gustatu egin zitzaidan. Gorputzaren zainketaz arduratu naiz, batez ere. Masajeak-eta. Garai batean ez zegoen fisioterapeutarik. Denoi gure gorputza ondo ikustea gustatzen zaigu eta jendeari laguntzea eta jendearekin harremana izatea gauza polita da», amaitu du.