108 etxebizitzak udarako prest izango dira
Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak Visesa sozietate publikoa Eitza auzoan egiten ari den alokairu babestuko etxebizitzen obra bisitatu dute. Etxebizitzak udarako listo izango dira. 108 etxebizitza egin dituzte.
108 etxebizitzak hiru bloketan banatuta daude. Bakoitzak 36 etxebizitza ditu. Etxebizitza horietako 95 bi logelakoak dira eta gainerakoak hiru logelakoak. Egongela, sukaldea, bainugela eta balkoi handia dute, baita lurpeko garajea ere. Bost etxebizitza mugikortasun urriko pertsonei egokituak daude.
Gainera, eraikinak guztiz irisgarriak dira eta kalifikazio energetikorik handiena dute. Aluminiozko fatxada aireztatua izango dute eta estalkian eguzki plakak jarri dituzte. Maizterrek ur beroaren %60 plaken eskutik lortuko dute eta, beraz, dirua aurreztuko dute. Aireztatze sistema ere badute. Horri esker, aire garbia izango dute.
Aurrekontua 15 milioitakoa da. Next Generation EU funtsekin finantzatutako proiektua da, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez. Europar Batasunak ia 5 milioi euro jarri ditu (%31,8) eta gainerako 10 miloiak (%68,2) Eusko Jaurlaritzaren Visesa sozietate publikoak. Sukia enpresa arduratu da eraikuntzaz. Proiektua, berriz, Pedro Apaolaza y Asociados eta DG Arquitectura aldi baterako enpresa elkarteak egin du.