Zumarragako Udalak Kalebarreneko aparkaleku berria ireki du gaur arratsaldean. Olaetxeako zelaian dago (Kalebarrenen, Ipintzara bidean) eta 102 autorentzako kabida du. Gauetan (igande gauetik ostirala goizaldera arte) 1. zonako egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute. Gainontzeko ordu guztietan nahi duten guztiek aparkatu ahal izango dute. Doanekoa da.
Kalebarreneko aparkaleku berria duela hilabete ireki behar zen, baina birziklatutako materialarekin egin da eta arazoak eman ditu. Bigarren asmatu dute material nahasketarekin. Udalak ez du aurreikusitakoa baino gehiago ordainduko.
Kalebarreneko aparkaleku zaharra itxi egin zen, Forjaseko etxeak egiteko. Hori dela eta, urte hasieran udalak lehen pausoak eman zituen Olaetxeako zelaian aparkaleku publiko bat egiteko. Uda aurretik hitzarmena sinatu zuen lurjabeekin. Jabeek udalari lursaila utzi diote. Legealdi honetan bertan, bi urte barru gutxi gorabehera, 40 etxebizitza inguru egiten hasiko dira Olaetxeako zelaian. Kalebarrenen egiten ari diren eta egingo diren etxebizitzen atzealdean bide bat egingo da eta bide horren ondoan 140 aparkaleku egingo dituzte.