Bernard Hinault txirrindulari frantziar handiak 70 urte bete zituen atzo. Bera da Tourra irabazi duen azken frantziarra. Bost Tour, hiru Giro, bi Vuelta eta Munduko Txapelketa irabazi zituen, besteak beste. Ziklo-krosean ere aritzen zen, baina modalitate horretan Joxe Mari Iurrebaso urretxuarra trebeagoa zen. Beran (Nafarroa), Iurrebaso bi aldiz lehiatu zen Hinaultekin: 1984an eta 1985ean. 1984ko proba urretxuarrak irabazi zuen, gainera. “Hinault doblatu gabeko azken txirrindularia zen eta Irazoki antolatzaileak ez doblatzeko eskatu zidan, lasterketa izorratuko niola eta”. Izan ere, Hinault lasterketa hartako izarra zen, jende asko bera ikustera joan zen eta itzulia galtzen duten txirrindulariek lasterketa utzi beharra dute. Argazkian lasterketa hartako irteera ikus daiteke. Iurrebaso eta Hinaultekin batera, Iñaki Maiora, Fede Etxabe, Marino Lejarreta, Joxe Ramon Izagirre, Iñaki Bijandi, Xabier Izuzkiza eta Benito Duran ageri dira, besteak beste.
Hurrengo urtean binaka aritu ziren, erreleboka. Hinault Maiora ormaiztegiarrarekin aritu zen eta Iurrebaso Hinaulten taldekide batekin. Hinault eta Maiora nagusitu ziren eta Iurrebaso eta Hinaulten taldekidea bigarren postuan sailkatu ziren.