Idiazabal Jatorri Izendapeneko 24 gazta saritu dituzte ostiralean eta larunbatean Portugalgo Viseun egin den Nazioarteko World Cheese Awards txapelketaren 36. edizioan. Horietako zazpi domina Goierriko gaztagileek irabazi dituzte. Gabiriako Baztarrika gaztandegiak zilarrezko domina bat lortu du. Baztarrika gaztandegiko nagusiak Asier Osinalde eta Eli Elgarresta senar-emazteak dira. Osinalde zumarragarra da. Legazpiko fabrika batean lan egiten zuen eta duela 21 urte lantegia utzi zuen emaztearen familiaren gaztandegian lan egiteko.
Zeraingo Garoako Martina Urbiztondok eta Jon Arregik urrezko eta zilarrezko domina bana irabazi dituzte eta Ilarduiako (Araba) Eli Gorrotxategi beasaindarraren eta Joxe Mari Jauregi lazkaotarraren La Leze gaztandegiak urrezko hiru eta zilarrezko bat.
Mundu osoko gaztagileak, minoristak, erosleak eta kritiko gastronomikoak elkartu ditu aurten World Cheese Awards txapelketak, 40 herrialde baino gehiagoko 4.000 gazta baino gehiago epaitzeko asmoz. Hainbat herrialdetako dastatzailez osatutako epaimahai bat arduratu da gazta onenak aukeratzeaz.