Maialen Josue Garciak irabazi du Zumarragako Haur eta Nerabeen Kontseiluko logoa aukeratzeko lehiaketa
Zumarragako Udalak, Haur eta Nerabeen Kontseiluarekin batera, Haur eta Nerabeen Astearen lehen edizioa antolatu du. Ekitaldiak Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatu dira. Egun hori gaur ospatu da: Haur eta Nerabeen Kontseiluaren logoa diseinatzeko lehiaketako saria banatu dute. Logoaren egilea Maialen Josue Garcia da. Bere lanean bi haur marraztu ditu, gure planeta besarkatzen. Logo lehiaketan Urretxu eta Zumarragako hiru ikastetxeetako 136 haurrek parte hartu dute.
Haur eta Nerabeen Astea astelehenean hasi zen. Egun horretan, Haur eta Nerabeen Kontseiluaren logoa diseinatzeko lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa ireki zuten Zelai Arizti kultur etxeko sarreran. Gainera, haurren eta nerabeen eskubideei buruzko triptiko bat bidali zuten herriko etxe guztietara. Lehiaketa irabazi duen logoa poltsetan inprimatu dute eta poltsa horiek aste honetan antolatutako ekitaldietan banatuko dituzte.
Atzo, La Salle-Legazpi eta Gainzuri ikastetxeetako ikasleek Minbiziaren Aurkako Elkartearen hitzaldi batean parte hartu zuten. Hitzaldi horretan tabakoaren eragin kaltegarriez eta ohitura osasungarrien garrantziaz hitz egin zuten gaiari buruzko adituek.
Gaur, aipatu bezala, logo lehiaketako saria banatu dute. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Nerea Errasti zinegotziak parte hartu dute. Biek Haur eta Nerabeen Kontseilua egiten ari den lana txalotu dute. “Udalarentzat ohorea da”, esan dute.
Bihar, 17:00etan, 2 eta 12 urte bitarteko haurrek Kalean otso, etxean uso antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute Zelai Arizti parkean. Ostiralean, 19:00etan, Radical pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan. Emanaldia ButaK 21 zineklub elkartearekin elkarlanean antolatu da. Familia osoari zuzendua dago. Pelikula benetako gertaeretan oinarritua dago. Protagonista Mexikoko irakasle bat da. Indarkeria eta txirotasuna nagusi diren herri batean lan egiten du. Ikasleek, buruz ikasteaz nazkatuta, ez dute batere motibaziorik. Irakasleak esperimentu iraultzaile bat egingo du, haurrak motibatzeko.
Larunbatean belaunaldien arteko topaketa gastronomikoa egingo da. 17:30ean egingo dute, azokan. Patata osagai nagusitzat hartuta kozinatuko dute. Jarduera horretan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute. Udalaren webgunera jo behar dute horretarako. Parte hartzaileen artean bi mahai joko zozkatuko dituzte.
Iganderako bi ekitaldi antolatu dituzte. 12.00etan mahai jokoen jardunaldia egingo dute herriko azokan. 17:00etan, berriz, erdiguneko kaleak itxiko dituzte eta ginkana handi bat egingo dute. Ondoren, merienda egingo dute. Ekitaldi horretan parte hartzeko ere izena eman behar da.