Areizaga-Kalebarren eta Soraluze kalea uholde gune ziren, Urola ibaiko obra egin zen arte. Zubi zaharra bota zen, erreka bi metro inguru jaitsi zen eta Areizaga-Kalebarren plaza egin zen. Plaza hori duela 30 urte inauguratu zen.
Valentziako gertaera lazgarriek oroitzapenak ekarri dizkiete Areizaga, Kalebarren eta Soraluze kaleetako bizilagun eta merkatariei. Izan ere, urte luzetan kale horiek uholde gunea izan ziren. Plazaren azpian bi begiko zubi zahar bat zegoen eta Urola ibaia hazita zetorren bakoitzean tapoia sortzen zen. Handik gutxira, ura bere bidetik irten eta inguruko denda eta atarietan sartzen zen. 1990eko hamarkada hasieran arazoa konpondu zuen obra egin zen. Aurtengo ekainean 30 urte bete dira obra amaitu eta plaza berria inauguratu zenetik.
Areizaga-Kalebarren plazako obra egin zuten arte Urola ibaiak sarritan gainezka egiten zuen eta ura makina bat aldiz sartu zen Kalebarren eta Soraluze kaleetako dendetan. Urdangarin burdindegian, adibidez. Mikel Urdangarin zenak, ezagutu zuen lehen uholdea 1940koa izan zela kontatu zion Otamotzi. Zortzi urte besterik ez zituen eta garbiketa lanetan lagundu behar izan zuen. Beldurgarriena, berriz, 1953koa izan zen: urak metro eta erdiko altuera hartu zuen denda barruan. Erreka aldetik zein Soraluze kaletik sartu zen.
Mikel bizitza galtzeko zorian izan zen: leiho bat ixtera joan zenean zer edo zer erori zitzaion hanka gainera, baina ez zion garrantzirik eman. Ahal zuen genero guztia ateratzen jarraitu zuen. Halako batean, zorabiatzen ari zela konturatu zen. Goiko solairura igo zen, etxera, eta orduan konturatu zen hankan jo ziona kristal bat zela eta sekulako zauria zuela. Zorionez ez zen odolustu eta ezta zorabiatu eta uretan ito ere. Zoilo Mendizabal praktikantea kalearen beste aldean bizi zen, baina ezin zuen kalea zeharkatu dena urez beteta zegoelako. Hanka alkoholarekin garbitzeko esan zien eta hala sendatu zuten.
Beste bizilagun batek ere susto itzela hartu zuen egun hartan. Ura bera eramateko zorian izan zen. Kanaloi bati helduta egon zen eta bere semeak eta Mikel Urdangarinek erreskatatu zuten. Uholde hura izugarria izan zen eta ura plazaraino heldu zen.
Zoritxarrez, Areizaga-Kalebarreneko eta Soraluzeko bizilagunek horrelako beste asko bizi izan zituzten. Uholdeekin zituzten arazoak errekako obra egitearekin batera bukatu ziren. Mariano Garcia zenak obra hori gertutik jarraitu zuen bere etxeko balkoitik eta bideo eta argazkietan jaso zuen. Garcia Urretxuko Areizaga kalean bizi zen. Balkoian markak egin zituen bideokamera beti toki berean jartzeko eta obrak iraun zituen bi urte luzeetan egunero-egunero irudiak grabatu zituen. Obra hori Egiptoko Asuan presakoaren parekoa zela esan ohi zuen: bata herri mailan eta bestea nazio mailan.
Obra hura oso ondo oroitzen dutenetako bat Toribio Kerejeta zumarragarra da. Izan ere, obran lan egin zuen bere kamioiarekin. “Urretxu eta Zumarragan egin den lan garrantzitsuenetakoa da. Beharrezkoa zen. Kalebarren azpian zubi bat zegoen eta bertan egur asko pilatzen zen. Garbiketa behar zuen, urtetako lurra, harriak eta arbolak baitzeuden pilatuta. Guk metro pare bat jan genion behera errekari eta zubi zaharra kentzea ere oso mesedegarria izan zen. Arazoa ez ziren begiak, baizik eta lurra zubitik gero eta gertuago zegoela. Zuloa ixteko zorian zegoen eta bizilagun eta dendariak urduri bizi ziren. Unanue taberna uholdeengatik itxi zen”.
Obra zaila eta gogorra izan zen. Kerejeta eta lankide bat itota hiltzeko zorian izan ziren, uretara erori ondoren. Kerejetak hiru bat hilabete eman zituen Areizaga-Kalebarrenen lanean. “Guk dragatua egin genuen. Halako lanetarako enpresa oso trebatuak daude, baina Mariezkurrena bereziki ona da. Harri-lubetak egiten batez ere. Ordu pila bat sartu zituzten eta lan oso serioa egin zuten. Obra bukatu zenetik inongo arazorik ez dela izan ikustea besterik ez dago”.
Jose Julian Irizarrek ere ederki gogoratzen du obra hura, 1987tik 1995era Zumarragako alkatea izan baitzen. Bera izan zen Areizaga-Kalebarreneko obra bultzatu zuenetako bat. 1988ko uholdeen ondoren arazoa behin-betiko konpontzea erabaki zuten, baina konponbidea uste baino konplexuagoa eta garestiagoa zen: plaza altxatu eta bi begiko zubi zaharra botatzea ez zen aski, erretena zuzendu behar zen eta malda handiagoa eman behar zitzaion. Horretarako hiltegia, tailer bat eta Tiffany’s diskoteka mitikoa hartzen zuen eraikina bota behar ziren.
Madrilgo enpresa batek irabazi zuen obra egiteko lehiaketa, baina ordainketa-etendura espedientea deklaratu zuen eta Mariezkurrena enpresa nafarra izan zen azkenean lanez arduratu zena. Horrek guztiak lanen hasiera atzeratu zuen eta inguruko bizilagunek beste uholde batzuk pairatu behar izan zituzten: 1992ko San Joan bezperakoak.
Handik gutxira hasi ziren lanak. “Mariezkurrenak sekulako lana egin zuen. Alpe d’Huez mendateko harri-lubetak ere eurek egin zituzten”, aipatu zion Zumarragako alkate ohiak Otamotzi. Kerejetak aipatutako lan istripuez gain, beste gorabehera batzuk ere izan ziren. Irizarrek zubi zaharra lehenbailehen eraisteko agindua eman zuen Ondare Historikoko arduradunak beragatik galdetu zutela jakin bezain pronto. Ez zuen atzerapen gehiagorik nahi.