Andoni Salamero eta Marta Lopez de Gauna zumarragarrek eta Gorka Larrañaga azpeitiarrak jaso dute Arteriaren 9.000 euroko diru laguntza
Andoni Salamerok, Marta Lopez de Gaunak eta Gorka Larrañagak jaso dute 9.000 euroko diru laguntza. Hiru arte diziplinatako hiru sortzaile elkartzea izan da helburua, hiruen artean artelan bat sortzeko, nahigabeko bakardadearen eta buru osasunaren inguruan.
Arteria proiektua gizarte berrikuntzako ekimen bat da, artea eta giza eskubideak uztartuaz gizarte eraldaketa sustatu nahi dituena. Aurten ere 9.000 euroko diru laguntza sortu du eta hiru arte diziplinatako hiru sortzaile elkartzea izan da helburua, hiruen artean artelan bat sortzeko.
• Andoni Salamero Alberdi ( Zumarraga, 1966).
Euskal Filologian lizentziatua. Olerkaria. Bioberatasun tailerretako gidaria da eta agur omenaldiak antolatzen dihardu, esatari gisa. Emozioen inguruko kudeaketa eginez dohain eta talentuen inguruko ikastaroa ematen du gizakiak berezko dituen ahalmenak deskubritze aldera. Bere olerkiak adierazpide desberdinetan agertu izan ditu, moda, pintura zein abesbatzei hitzak egokituz. Bioberatasunaren inguruko iritzi-artikulu asko argitaratu izan ditu.
Era berean, Hik Hasi pedagogia aldizkarian argitaratu izan ditu hainbat proiektu. CD desberdinak atera ditu sortzaile desberdinekin batera: Joxan Artze, Laja eta Mikel, Juan Mari Beltran, Oskorri, Pantxoa eta Peio, Potx eta Lotx pailazoak, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa.
Egun, emanaldi desberdinetan dihardu Peio Ospital, Mixel Ducau, Caroline Phillips, Andoni Egaña, Pello Ramirez, Aitor Furundarena, David Azurza, Urbil Artola, Aitor Mendiluze, Garazi Etxaburu eta bestelako sortzaileekin batera.
• Gorka Larrañaga (Azkoitia 1974).
Urtetan garatu izan du komunitate jakin bateko identitatea horma-irudi erraldoietan doazen narrazio grafikoetan. Margogintza erabiltzen du tresna moduan sentimenduak, emozioak eta identitate-kontuak lantzeko.
Pintura, eskultura eta grafika uztartzen ditu irudiaren baliabide teknologikoekin. Hiriko paisaiaren “hots” txikiak bereganatzen ditu bere metodoak, keinu piktoriko berriak bihurtzeko eta bere kualitate espresiboak, formalak, kontenplatiboak eta ebokatiboak esploratzeko.
Espainian, Mexikon, Txilen, eta Ekuatorren egin ditu bakarkako erakusketak eta proiektuak. Hainbat sari eta errekonozimendu ditu Espainian, Mexikon, AEBetan eta Euskal Herrian.
• Marta Lopez De Gauna (Zumarraga, 1975)
Arte Ederretan lizentziatua. Haur-hezkuntzako teknikaria da eta haur-eskolan lan egiten dihardu. Argazkilaritza eta pintura nahasten dituen lantegiak egin ditu gazte jendearekin. Adibidez, Urretxu-Zumarragako ikasleekin Txillidaren 100.urteurrena zela eta. Era berean, Txillidaren 100.urteurrena dela eta, Legazpiko Txillida Lantokianherri eragile desberdinekin egindako erakusketa. Pello Ramirez eta Andoni Salamerorekin egindako emanaldian argazkia pinturagintzarekin erlazionatuta plazaratu zuen. Erakusketa desberdinak egin izan ditu hainbat herritan: Beasain, Zumarraga, Urretxu.
Sormenerako gaia
Beasainen lantzen ari diren nahigabeko bakardadea eta buru osasuna dute sorkuntzarako gaia eta Zulo Beltza antzezlana ikusi ondoren hasiko dira sormen lanean. Ondoren, artelanaren inguruko hiru aurkezpen egingo dituzte Goierriko herri eta leku desberdinetan. 2025 lehenengo hiru hilean gauzatuko dira. “Saio hauetan sortzaileek eginiko lana erakutsiko dute, eta ikusleekin lan honen sormen prozesua eta ibilbidean izandako bizipenak partekatuko dituzte: Abiapuntuan zegoen ideia, garapena, erabilitako teknikak, materialak, sormen prozesuaren ibilbide emozionala…”.