Astelehenean, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da. Urretxun eta Zumarragan hainbat ekitaldi antolatu dira. Horra hor egitaraua.
- Azaroak 23, larunbata. 10:00etan, Kakorratz saioa, Tximeletak erresistentzia mugimendua ezagutuz, Emakumeen etxean.
- Azaroak 25, astelehena. 18:30ean, elkarretaratzea, Emakumeen Plazan.
- Azaroaren 25etik abenduaren 5era. Barrurako Atea erakusketa, Zumarragako hainbat eraikinetan. Espazio intimoan, etxean, ematen den indarkeria erakusten duten panelak.
- Azaroak 26, asteartea. 18:00etan, Genero indarkeriaren biktima diren adineko emakumeak hitzaldi-solasaldia. Gure Txokon.
Bestalde, atzo Goierri garaiko udaletako ordezkariek adierazpen instituzionala irakurri zuten. Horra hor idatzia.
“Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna dela eta Urola Garaiko udal-elkartetik gaitzespen irmoa adierazten dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, eta beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu.
Aurten, arreta jarri nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan, ultra eskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta jaiotzen baitira. Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzio horrek, emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du, eta oraindik haratago doa, lege-aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatuz, berdintasunari eta indarkeria matxistari dagokienez.
Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa egon emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde, – bai esparru legalean, eta politikoan, bai sozialean-, gaur egungo joera neomachista hasten ari da, batez ere mutil eta gizon gazteengan eta adin ertainekoetan eta eremu digitalean, bereziki. Manosfera deitu zaion eremuan, mezu misogino eta berdintasunaren aurkako mezu ugari daude. Ondorioz, “indarkeriak ez duela generorik”, “asmakizun ideologikoa” dela eta berdintasun-politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak jasotzen ari dira gazteak.
Diskurtso horien aurrean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek gogorarazten digute gure gizarteak egiturazko arazo bat duela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dena. Negazionismoa arazo globala da, eta Nazio Batuek ere alarma piztu dute berdintasunaren aurkako mehatxu gero eta handiagoez eta misoginiaren normalizazioaz ohartarazteko, batik bat, hedabide digitaletan.
Hori guztia kontuan hartuta, Urola Garaia Udal Elkartean emakumeen aurkako indarkeria ezereztu nahi duen edozein diskurtsoren aurka agertzen gara, eta honako konpromiso hauek hartzen ditugu:
-Gure eskualdean, euste-horma kolektiboa aktibatzea, emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo/eta ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean, tokiko eragile guztiekin lan eginez, mezu ukatzaileak indargabetzeko eta tokiko bizitzan barneratzeko eta halakoak sortuz: zurrumurru misoginoei eta mezu ukatzaileei aurre egiteko tokiko sareak, komunikazio bateratuak.
-Dauden baliabideak mantendu eta hobetzen jarraitzea: hezkidetza mahaia, erantzun publikoko protokoloa eta indarkeria matxistaren prebentzio eta arreta hobetzeko protokoloaren mahai teknikoa.
-Urola Garaiko indarkeria eta ziberindarkeria matxistaren prebentzio programaren baitan gazteei zuzendutako sentsibilizazio neurriak hartzen jarraitzea; batez ere, mutilei zuzendutakoak, egunero jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko, batik bat, bitarteko digitalen bidez.
-Gune formal eta informaletan, eskola-komunitateari zuzendutako hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuak indartzen jarraitzea, baita Urola Garaiko indarkeria eta ziberindakeria matxistaren prebentziorako programaren bidez ere.
-Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin hitz egiteko bideak erabiltzea, eskola-curriculumean jarrera ukatzaileetan eta jarrera matxisten normalizazioan esku-hartzea indartzeko.
Berdinsareatik, eta beste sareetatik ere, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, negazionismoari aktiboki aurre egiteko eta udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki borrokatzeko egiten duten apustua berresteko.
Era berean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Urola Garaian antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazteko, horien negazionismoa eta ezereztea barne.