Ibone Bengoetxea lehendakariordeak Euskadi literatura sariak eman zituen atzo, Gasteizko Artium museoan egindako ekitaldian. Jon Gerediaga (poesia euskaraz), Julia Otxoa (literatura gazteleraz), Harkaitz Cano (haur eta gazte literatura euskaraz), David de las Heras (ilustrazioa), Aiora Jaka (euskarazko itzulpengintza) eta Jon Urzelai zumarragarra (saiakera euskaraz) izan dira aurtengo sarituak.
Euskarazko literaturan, Urzelai izan zen oholtzara igotzen lehena. Saiakera modalitateko Euskadi saria irabazi du, Su festak (Elkar) lanagatik. Azken hamarkadetako musika jaialdien inguruko azterketa soziologikoa beste eremu batzuetara eramaten duen liburuagatik, hain zuzen.
Aitortza bat egin zuen Urzelaik saria jaso zuenean: “Nik banekien liburu honek sona handia ez izatea aukera posible bat zela. Eta, hala ere, hemen gaude”. Haren esanetan, liburuaren xedeetako bat musika jaialdien inguruan zegoen “zuloa” betetzea izan zen, baina bidean “zulo gehiago” topatu zituen, eta horiek “lehertu” zitzaizkion idazten ari zela. Eta bide beretik nahiko luke egitea liburuak bidea: “Liburuak arrakasta lortuko du, baldin eta beste zulo batzuk arakatzen hasteko bitarteko bada”.
Otamotzek Urzelairi egindako elkarrizketa.