Asteazkeneko osoko bilkuran Zumarragako Udalaren 2025eko aurrekontua onartu zen. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten. EH Bilduk prentsa ohar bat igorri du bere iritzia emateko.
“2025eko ordenantza eta tasetan lortutako akordioa positiboki baloratu genuen, bai edukiarengatik zein zumarragarrei ematen genizkien seinaleengatik. Uste genuen lankidetzarako bide bat irekitzen zela, eta horretan sakontzeko aukera ona ikusten genuen aurrekontuei begira. Herritarrak kezkatzen dituzten arloetan urrats garrantzitsuak eman genitzakeela uste genuen; hala nola, etxebizitzan, mugikortasunean, tokiko merkataritzan edo euskaran.
Udalerri gisa ditugun erronkak oso handiak dira, guztion arteko lankidetza inoiz baino garrantzitsuagoa da eta irekitako bide horretan sakontzen saiatu gara. Udal gobernuak orain arte izan ez duen jarrera eta irekitasuna izan du aurrekontuei begira eta arduraz jokatzea erabaki dugu guk ere eta lorpen handiak erdietsi ditugula uste dugu.
Lorpen handiena da gai izan garela Zumarragarentzat estrategikoak diren herri erronkei begira urratsak ematen hasteko, politika publikoei norabide berri bat emateko eta kooperaziorako eta kogobernantzarako esparru bat irekitzeko.
2025eko aurrekontu proiektuak ez du marjin handirik, besteak beste mutualisten aferaren ondorioz aurtengo funts foralaren sarrera 400.000 eurotan murriztuko delako eta udalaren gaitasun ekonomiko finantzarioa mugatua delako. Beraz, lortutako akordioan konpromiso politikoetan eta politika publikoen norabidetze berrian jarri dugu azpimarra. Gainera Auzo Bihotz ekimenean eta auzoetan ateratako beharrak eta kezkak jaso nahi izan ditugu.
Lortutako akordioari jarraipena egiteko jarraipenerako metodologia eta lan esparruak zehaztu dira eta EH Bilduk jarraipen zorrotza egingo du akordioa bete dadin. Akordioa lortzea garrantzitsua da, baina betetzen dela bermatzea ezinbestekoa da eta akordioaren betetze mailak emango digu urrats berriak emateko konfiantza. Eskuzabalak izan gara akordioan eta zorrotzak izango gara jarraipenean.
Lortutako akordioaren alderdi garrantzitsuenak hauek dira.
Etxebizitza hutsen mobilizazioa. Udalerrian hutsik dauden etxebizitzen egoeraren diagnostikoa partekatzeko konpromisoa, merkatuan alokairuko etxebizitza gehiago jarri ahal izateko. Diagnostikoa partekatzeak hurrengo pausuak adosteko bidea emango digula espero dugu. Ekimen desberdinak martxan jarriz edo agian datorren urteko ordenantza fiskaletan aldaketaren bat adostuz.
Solairuarteetan dauden negozioak kale mailara jaitsi eta etxebizitza bihurtzea. Diagnostikoa amaituta, eta benetan horretarako prest egon daitezkeen negozioen kopurua ikusita, beharrezkoa balitz, ordenantza berri bat egingo litzateke, horiek etxebizitza gisa erabili ahal izateko. Ekimen honen helburua bikoitza da: Alde batetik entreplantetako negozioak kale mailara jaitsita, gure kaleak biziberritzen ditugu, bizigarriago egin eta segurtasun sentsazioa areagotu. Bestalde, negozio horiek hutsik uzten dituzten pisuak etxebizitza bihurtzeko aukera ikusten dugu, etxebizitza parkea handituz.
Autobus zerbitzu urbanoa abian jartzeko azterketa egitea. Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatuarekin biltzeko konpromisoa, GFAk Zumarragan mugikortasun jasangarria bultzatuko duen autobus zerbitzua abian jartzea aztertu ahal izateko. Autoen erabilera murrizteko, herritarron irisgarritasuna hobetzeko, auzoen arteko kohesioa areagotzeko eta aparkaleku beharrak murrizteko interesgarria ikusten dugu Auzobus zerbitzu bat martxan jartzea. Ekimen honekin, Zumarragan edo bi herrien artean (aldundiaren eskumena baita) horrelako sistema bat abian jartzeko aukerak aztertuko dira.
18-25 urte bitarteko gazteei zuzendutako herrian kontsumitzeko bonoak banatzea. Udalerriko merkataritzan kontsumitzeko bonuak banatzea planteatzen da, bereziki gazteei zuzenduta. Gure gazteen artean herrian eta denda fisiko guzietan kontsumitzea bultzatu nahi dugu eta bakoitzak 50 euro jasoko lituzke.
Euskararen garapenean jauzia ematea haur eta gazteen esparruan. Zintzo.Mintzorekin egingo den bileratik ondorioztatutako ekimenak eta neurriak aztertzeko konpromisoa, 139-Zintzo Mintzo Hitzarmena partida irekiaren zenbatekoa gerakinarekin handituz. Urretxu eta Zumarragako udalen laguntza eta ardurapean, Zintzo-Mintzoren ekimenez, gure bi herriotan gazte eta nerabeen artean euskararen erabilera indartzeko plana diseinatu da. Gure bi herriotan euskararen erabileraren egoera oso kezkagarria da eta are gehiago gazte eta nerabeen artean. Hizkuntzaren jakintza handiena dagoen adin tartean erabilerak behera egin du azken urteotan eta jauzi bat eman beharra dago.
Parke baten estalpea jartzea eta prozesu parte hartzaile baten bidez gauzatzea. Proiektua garatzeko eta erredaktatzeko partida bat hornitzea adostu da. Auzo Bihotz ekimenean eta auzo bileretan behar hau sarritan helarazi digute. Herriaren erdialdean (trintxeran, Zelai Ariztin,..) beharra ikusten da baina posible ikusten dugu proiektu hau beste auzoren batean aurrera eramatea”.