Javier de Luz eta Jon Ander Campos, Txuri-Urdin Amerikanuak Realaren jarraitzaile taldearen inaugurazioan
De Luz zumarragarra de Campos urretxuarra Kalifornian bizi dira eta Boise-ko Euskal Etxean egin den ekitaldian parte hartu dute
Asteburuan Amerikako Estatu Batuetako Realaren jarraitzaile taldea aurkeztu dute Boise-n (Idaho, Amerikako Estatu Batuak). Jarraitzaile taldeak Txuri-Urdin Amerikanuak du izena eta bi kide Urretxu eta Zumarragakoak dira: Javier de Luz eta Jon Ander Campos.
De Luz pilotaria izan zen. Zumarragak herri arteko txapelketan jokatu zuen azken finalean parte hartu zuen. Afizionatu mailan txapelketa asko irabazi zituen eta pilotaren eskutik Amerikako Estatu Batuetara (AEB) joan zen bizitzera. Ia 25 urte daramatza bertan. Kalifornian bizi da eta lorezaintza enpresa bat du.
Camposek, berriz, Ingeniaritza informatikoa ikasi zuen eta adimen artifizialari eta hizkuntzaren prozesamenduari buruzko masterrak egin zituen. Adimen artifizialaren arloko enpresa batean lan egiten du. Bera ere Kalifornian bizi da.
Asteburuan Kaliforniatik Idahora joan ziren, Txuri-Urdin Amerikanuak jarraitzaile taldearen aurkezpen ekitaldietan parte hartzera. Larunbatean Realeko zaleek Athleticekoen aurka jokatu zuten eta ondoren elkarrekin afaldu zuten. Igandean, berriz, derbia ikusi zuten.
Zuhaitz Gurrutxaga Realeko jokalari ohi eta telebista aurkezlea bertan izan da eta erreportaje bat grabatu du. Gurrutxagak 44 urte bete zituen larunbatean eta Boise inguruko euskaldunekin ospatu zuen. Kamiseta bat oparitu zioten 44 zenbakiarekin.