Josu Maroto marrazkilariak Harkaitz Barreros ile apaintzailearekin kolaboratzen du. Duela gutxi Madrilen izan dira, Soul of Hair ile apaintzaile topaketan. Marotok Barrerosen lanak margotu ditu eta solasaldi batean parte hartu du.
Harkaitz Barreros ile apaintzaileak eta Josu Maroto marrazkilariak artista bikote bikaina osatu dute. Barrerosek Marotoren lana gustuko du eta berarekin kolaboratzea eskaini zion. Marotori, sortzailea izanik, esperientzia berriak probatzea gustatzen zaio, bere sormena harago eramateko, eta baiezkoa eman zion. Ordutik, bost aldiz lan egin dute elkarrekin. Duela gutxi Madrilen izan dira, Soul of Hair ile apaintzaile topaketan. Marotok Barrerosen lanak margotu ditu eta solasaldi batean parte hartu du.
Marotok oso harreman ona dutela dio. «Biok sortzaileak izateak batu egin gaitu. Txinparta sortu da eta oso gustura lan egiten dugu elkarrekin». Barrerosekin lanean hasi zen arte, ez zuen ile apaintzaileen mundua gertutik ezagutzen. «Beste unibertso bat da. Madrilen 120 ile apaintzaile elkartu dira. Ni estralurtarra sentitzen nintzen beraien artean».
Dena den, marrazkilarien eta ile apaintzaileen munduek parekotasunak ere badituzte. «Edertasuna lantzen dute, guk bezala. Ile apaintzaileen topaketetan Stendhal-en sindromea sufritzeko arriskua dago. Izan ere, topaketa horietako edertasun maila sekulakoa da».
Maroto esker oneko ageri da, ile apaintzaileek beraien ekitaldira gonbidatu dutelako. Solasaldi batean parte hartu du, gainera. «Beste alor batzuetan lan egiten dugunon iritzia jaso nahi zuten. Sukaldari batek ere parte hartu du. Izan ere, ile apaintzaileek, sukaldariek bezala, beraien mundua maila gorenera eraman nahi dute».
Lan azkarra
Solasaldian parte hartzeaz gain, Barrerosen lana margotu du. «Hiru ile apaintzaileek 45 minutu zituzten beraien lanak erakusteko. Lanaren %80a eginda zutela joan ziren eta nik, berriz, %10a bakarrik nuen eginda. Oso azkar lan egin behar izan nuen. Maila handiko tokia zen eta maila eman beharra nuen, baina eszenatokiak ase egiten nau eta ondo moldatu nintzen. Ohorea da bi urretxuar Estatuko onenekin egotea».
Barrerosekin lan egiten jarraitzeko asmoa du. «Berak nire lana aberasten du eta nik berea», amaitu du.