Mikel eta Iñaki Etxaniz anaien laguntzari esker, bere lehen maratoian parte hartuko du
Igandean Valentziako maratoia egingo dute, munduko garrantzitsuenetako bat. Parte hartzaileen artean goierritar asko izango dira. Baita maratoia Urretxun prestatu duen kenyar bat ere. Theo Kipsang du izena, 28 urte ditu eta Mikel eta Etxaniz urretxuarren laguntzarekin etorri da Europara. Bere lehen maratoia du eta bi ordu eta 10 minututan egitea espero du. Berarentzat sekulako aukera da eta profesionaltasunera heltzeko lehen pausoa izatea espero du.
Etxaniz anaiak Kenyako Iten herrira joan ziren iaz, kooperante gisa. Itenen munduko korrikalari onenetako asko bizi dira eta, ikastetxeetan lan egiteaz gain, atletismo munduko jendea ezagutu zuten. Tartean, Jordi Sole kataluniarra. Sole Otso kirol arropa markako nagusia da eta Kenyan hotel bat eta Gobernuz Kanpoko Erakunde bat ditu, baliabiderik gabeko korrikalariei laguntzeko.
Iten inguruak baldintza ezin hobeak ditu atletismorako eta korrikalari bikainak ematen ditu. “Denek korrika egitea amesten dute, baina asko dira. Solek baliabiderik ez dutenei ostatua, janaria eta prestaketa eskaintzen dizkie. Eta Europara etortzeko finantziazioa lortzen du, korrikalari onenentzat. 30 bat korrikalariko taldea du”, azaldu du Iñakik.
Hala, duela gutxi Iñakiri deitu zion. “Korrikalari bat, Theo, sasoian zegoela esan zigun. Theok Donostiako maratoian parte hartzea nahi zuen eta laguntza eskatu zigun. Mikel laguntzeko prest azaldu zen. Theo iaztik ezagutzen genuen, berarekin eta beste batzuekin entrenatzeko aukera izan baikenuen. Donostiako maratoiaren antolatzaileei deitu genien eta dortsala eman zioten”.
Donostiako maratoia bertan behera gelditu zen, ordea, haizeteagatik. “Larunbatean Donostiara joan ginen, dortsala hartzera. Arratsaldean, Theo siestara joan zen eta nik lasterketara eraman beharrekoak prestatzeari ekin nion. Halako batean, Donostiako antolatzaileek deitu zidaten, maratoia bertan behera gelditu zela esateko. Nola esan Theori? Berarentzat Donostiakoa sekulako aukera zen. Irabazteko aukera zuen, saria 2.500 eurokoa zen eta hori diru asko da berarentzat. Bere erreakzioaren beldur nintzen eta, esan nionean, gauzak zerbaitegatik gertatzen direla erantzun zidan. Hemen, askoz ere garrantzi gutxiagoko gauzengatik, haserretu edo tristatu egiten gara”.
Donostiako maratoia bertan behera gelditu zenez, Valentziakoan parte hartzea erabaki zuten. “Marc Roig-i deitu nion. Eliud Kipchoge handiaren entrenatzailea da eta Valentziako probarako eliteko maratoilariak kontratatzeaz arduratzen da. Valentziako maratoian munduko onenek parte hartzen dute eta Theok ez du saririk lortzeko aukerarik izango, baina Valentzian korrika egitea Txapeldunen Ligan jokatzea da berarentzat. Helburua lan ona egitea da, bere curriculuma loditzeko”.
Kenyarrak Urretxu-Zumarragan prestatu du Valentziako maratoia. Joan zen ostiralean heldu zen eta abenduaren 6an itzuliko da bere jaioterrira. “Santi Perez prestatzailearekin egon gara eta proba batzuk egin dizkio. Maratoia bi ordu eta 10 minututan egin dezakeela esan du. Argixaon entrenatu du eta haurrek aluzinatu egin dute. Izan ere, 10 kilometro ordu erdian egin zituen. Igandekoa lehen maratoia du eta laguntzen ari gatzaizkio: hasieran asko ez estutzeko esan diogu, espainiar taldearekin joateko, jana eta edana zaintzeko, eta amaieran, indarra badu, estutzeko”.
Etxaniz anaientzat sekulako esperientzia izaten ari da. “Hemengo bizimodua eta hangoa oso ezberdinak dira. Atzo (asteartea) Zatika bizikleta dendara joan ginen isotonikoak erostera eta 6.000 euroko bizikleta bat ikusi zuenean ezin zuen sinistu. Berak diru horrekin baserri bat erosi dezake Kenyan. Larunbat arratsaldeko poteoan ere flipatu egin zuen. Ez zuen ulertzen zer egiten zuen horrenbeste jendek kalean. Han txapazko etxeetan bizi dira eta egun guztiak berdinak dira, baina haurrek beti irribarrea dute ahoan eta dirdira begietan. Hemen askoz ere gehiago dugu eta asko ez dira gustura bizi. Bi urtean behin hara joan beharko ginateke”, aipatu du Mikelek.
Berak ez daki oraindik Valentziara joango den. Iñaki Theorekin joango da eta berak ere maratoia egingo du. Bi ordu eta 40 minututan egitea espero du. Ziur berak ere lortuko duela, aste honetan Kenyako atleten jaki kuttuna probatzeko aukera izan baitu: Urretxuko Belarzain dendan arto irina erosi dute eta Theok ugalia prestatu du, Kenyako plater nazionala.