Atzoko osoko bilkuran, Urretxuko Udalaren 2025eko udal aurrekontuak onartu ziren. EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen. Gaur EH Bilduk prentsa ohar bat igorri du bere erabakiaren arrazoiak azaltzeko.
“Iaz ez bezala, aurten udal gobernuaren eta oposizioaren arteko bilera prozesu bat hasi izanak eta proposamenak landu eta zenbait konpromiso hartu izanak, 2025eko aurrekontuei abstentzioa ematera bultzatu gaitu. Zinez baloratzen dugun prozesua izan da, eta uste dugu harremanak hobetzeko eta demokrazia kolaboratiboa eta kooperatiboa gailentzen ari den garaiotan, ezinbestekoa dela Urretxun ere bidea egiten hastea”, azaldu dute.
2024ko aurrekontuei ezezkoa ematetik, 2025eko aurrenkontuetan abstentzioa ematera pasa dira. Aipatutako bilerez gain, beste arrazoi batzuk ere badaude:
-Herriko merkataritzak bizi duen egoera zaurgarriaren aurrean, aurreko urtean legegintzaldi honetarako proposamen plan integral bat aurkezteko konpromisoa hartu genuen. Udal gobernuari Urretxuko Merkataritza Biziberritzeko Plan Estrategikoa deituriko txostena aurkeztu genion azaroaren 7an. Oinarri moduan sistema fidelizatzaile berritua aurkeztu dugu, eta, herri ezberdinetako hainbat esperientzia aztertu ondoren, Urretxura ondoen egokitutako plan eta neurri ezberdinez osatu dugu. Jakina, aurkeztu dugun plana ez da testu itxi bat, guztien artean aberastu eta osatu beharko litzatekeela uste dugu, bai udalean bertan, baita Bitartean elkartean dauden dendariekin eta ez daudenekin ere bai. Udal gobernuak iaz iragarri zuen Hiri Ekonomia Jasangarrirako Plana, eta poztekoa da aipaturiko plan horretan konpromisoa hartu izana gure proposamena aztertu eta txertatzeko.
-Pagoeta gunearen erabilera zein kudeaketa eredua 2023ko hauteskundeetako gure proposamen izarretako bat izan zen. Udal gobernuarekin adostu dugu horren gaineko prozesua abiatuko dugula 2025ean zehar, proposamenak lantzeko bitariko mahai baten sorrerarekin, udal gobernua eta oposizioaren artean.
– Aurreko urtean EH Bilduren eskaria izan zen gazteen alokairurako diru laguntzen partida bat sartu du udal gobernuak aurrekontu proiektuan. Urte osoa dugu hori behar bezala landu eta dagokion erantzuna lortzeko.
-Aldiri2 kirol gune berriaren proiektua EH Bilduk urteetan zehar mahaigaineratu duen proposamena da, eta udal gobernuak aurrekontu honetan hastapenak bere gain hartu izana positibotzat jotzen dugu.
-0-3 haur txokoa martxan jarri da. Aurreko urtean Zumarragarekin batera bi herrietako udal gobernuei proposamena egin genien, eta hura martxan dagoela ikustea pozgarria da. Hemendik eskerrak eta zorion beroenak eman nahi dizkiegu lanean aritu diren gurasoei, gure bi herriotan horren beharrezkoa den zerbitzu baten alde aritu direlako etengabean.
-Positiboki baloratzen dugu Erasmus+ programaren bitartez bideratuko diren 49.000 euroak. Hain zuzen ere, 1991az geroztik Urretxu Bavariako Schwarzenbruck herriarekin dago senidetuta. Alemaniako Lander hori Europako eskualde punteroenetakoa da ikerketa, garapen eta berrikuntzaren alorrean, eta herriko zein eskualdeko garapen ekonomikoari bultzada emateko aukera paregabea dela iruditzen zaigu. Ikasleei zuzendutako Exchange programak martxan jartzea ekarriko du horrek, guk iazko aurrekontuen proposamenean ezartzen genuen modura.
-Azkenik, aurrekontu honek gure iazko ekarpenetako bat jasotzen du: etxebizitzen irisgarritasuna eta efizientzian laguntzeko diru-laguntzen partida, 50.000 eurorekin. Urretxuko hainbat zonaldetan etxebizitzen efizientzia energetikoa oso baxua da, eta irisgarritasun arazoak ere badaude. Batez ere auzo zehatz batzuetan (Aparicio, Mundo Mejor, Santa Barbara edota Alde Zaharra, esaterako). Eta horien efizientzia energetikoan eta irisgarritasunean hobetzea ezinbestekoa da.
Bestetik, egin dituzten beste zenbait proposamen ez onartzeak ere badu abstentzioa ematearen justifikazioa EH Bilduren hitzetan. Hauek izan dira onartu ez diren proposamenetatik garrantzizkoenak jo dituztenak:
– Kultur egitaraua herriko auzo eta plaza ezberdinetara eramateko gure proposamena atzera bota dute, baina horrek auzoen bizitza piztu eta kultura eskaintza deszentralizatzea ekarriko luke.
-Ekiola energia komunitateak duen bazkide kopuru txikia azkartzeko, udalak diru partida propioa irekitzea proposatu dugu. Aldiz, udal gobernuak muzin egin dio horri, argudiatuz komunitateak berak plan bat duela.
-Kirol arloan, batetik, bi padel pista itxi egitea proposatu da, rokodromoa egin nahi den pabiloiaren antzeko eskema jarraituaz. Zumarragan jada pista bat egotea nahikoa dela erantzun du udal gobernuak. Bestetik, bizikletak gordetzeko leku itxi bat proposatu da bidegorri ondoan.
– Oro har, Zumarragarekin batera egin beharreko elkarlanerako gure proposamenak atzera bota dituzte, tartean kirol txartel bakarrarena, herri arteko autobus zerbitzu bateratuarena, edota euskararen mahai bateratuarena, besteak beste.