Urretxuko Udalak 13’7 milioiko aurrekontua izango du 2025ean. Aurtengoa baino %3’13 handiagoa da. Inbertsioetara bideratuko den dirua azpimarragarria da: 3 milioi euro. Inbertsio nagusiak Aldiri Bi kiroldegiaren eraikuntzaren hasiera (500.000 euro), Aspaceko egoitza berriaren eta adinekoentzako apartamentuen hornitzea (500.000 euro), Pagoeta gune soziokulturaleko igogailua (250.000 euro) eta Mundo Mejorreko aparkaleku berria (350.000 euro) dira. Aurrekontua atzoko osoko bilkuran onartu zen, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoarekin. EH Bilduk abstentzioa eman zuen.
Jon Luqui alkateak udalaren egoera ekonomiko “ona” azpimarratu zuen. “2019tik ez dugu zorrik eta etxebizitzen eraikuntzak dirua eman du. Gainera, beste erakundeekin egindako lanari esker, hainbat egitasmo aurrera atera ditugu. Hurrengoa Gainzuriko parke estali berria izango da. Industriaren berroneratzeari esker ere dirua lortu dugu. Lau milioiko soberakina izango dugu”.
Datorren urteko aurrekontua askoz ere handiagoa izango dela aurreratu zuen. “Azken zortzi urteetan aurrekontua %40 igo da. Datorren urtekoa 18-19 milioikoa izango da, Aldiri Bi kiroldegiko obra dela eta. Baina dena ez da obrak egitea. Pertsonengan ere inbertitzen dugu. Gizarte zerbitzuetan eta kontratazioan. Izan ere, lana aurrera ateratzeko jendea behar da. Datorren urtean udaltzaingoan, brigadan eta arlo soziokulturalean langile bana kontratatuko dugu”.
Jarraian, Igor Zubillaga zinegotziak inbertsioen berri eman zuen. “2025ean Aldiri Bi eraikitzen hasiko gara. Aurrekontua 7 milioi eurokoa da. 2025ean 500.000 euro bideratuko ditugu obra abian jartzeko. Gainera, Aspaceren egoitza berria eta adinekoen apartamentuak hornitu behar ditugu. 500.000 euro bideratuko ditugu horretara. Azken bi urteetan 4 milioi inbertitu ditugu eta obra amaitzea falta da. 2025 erdialdean erabiltzen hastea espero dugu. Horretaz gain, Pagoeta gune soziokulturalean igogailua jarriko dugu goiko solairua irisgarri egiteko (250.000 euro). Eta Santa Barbara aterpetxea egungo beharretara egokituko dugu (200.000 euro). Bestalde, Mugitegiko lokal batean rokodromoa egingo dugu eta beste batean musika taldeentzat entsegu lokalak. Baita Mundo Mejorren aparkaleku berri bat ere. Eta eguneko zentroa 36 toki izatetik 60 izatera pasako da. Herrigunean komun publiko bat jarriko dugu, auzoetan obrak egingo ditugu, argiteria berritzen jarraituko dugu…”.
Maialen Fidalgo zinegotziak gizarte zerbitzuan aldeko apustua berretsi dutela esan zuen. “2022an 388 euro inbertitu genituen biztanleko. Gipuzkoako lehen herria izan ginen. 2025ean, berriz, 412 euro inbertituko ditugu biztanleko. Igorrek esan bezala, gizarte zentroa 36 toki izatetik 60 toki izatera pasako da. 205.000 euro bideratuko dira eraikina egokitu eta hornitzera. Langileen lan baldintzak hobetzeko ere lan egiten dugu. 2025ean 825.000 euro bideratuko ditugu eguneko zentroaren kudeaketara eta 90.000 etxeko arreta zerbitzura”.
Gaztedian eta Euskaran egiten ari diren ahalegina ere gogoratu zuen. Erasmus + proiektuarekin bat egingo dutela eta horren eskutik Sormonak egitasmoan parte hartzen duten gazteek Urretxurekin anaituta dagoen Schwarzenbruck (Alemania) herrira joan ahal izango direla aipatu zuen. Eta egitasmo guztien ardatza euskara dela gehitu zuen.