Unicefek Zumarraga Haurtzaroaren Hiri Adiskide gisa aitortu du. Nazioarteko aitorpen horrek Zumarragak haurren eta nerabeen eskubideekin duen konpromisoa nabarmentzen du. Udalaren eta Haurren eta Nerabeen Udal Kontseiluaren arteko elkarlanaren fruitua dela nabarmendu dute udaletik. Horra hor Zumarragako Udalaren prentsa oharra.
“Unicefek Zumarragako Udala Haurren Hiri Lagun izendatu du, haur eta nerabeen eskubideak sustatzeko udalek egiten duten ahalegina aintzat hartzen duen zigilu garrantzitsua. Lorpen hori udalaren eta Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluaren arteko konpromiso partekatuaren emaitza da. Izan ere, elkarrekin lan egin dute udal erabakietan gazteenen parte-hartze aktiboa bermatzeko eta haien ongizatea hobetuko duten politikak garatzeko.
2022ko urrian Unicefekin hitzarmena sinatu zenetik, Zumarragak funtsezko pausoak eman ditu aitortza hori lortzeko. Horien artean, nabarmentzekoa da Haur eta Nerabeen Udal Kontseilua sortu izana, udalerriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ordezkariek osatutako parte hartze organoa. Bere inplikazioari esker, Kontseilu hau funtsezkoa izan da politikak definitzeko eta Haurren eta Nerabeen Astea bezalako ekimenak antolatzeko.
Lehen edizioa, azaroaren 18tik 24ra bitartean ospatu zena, udalak eta Kontseiluak elkarrekin egindako lanaren adibide da. Izan ere, Zumarragako haur eta nerabeen errealitatearen aurretiazko diagnostikoa oinarri hartuta diseinatu zituzten jarduerak. Herritarren parte hartzea oso nabarmena izan zen, eta une esanguratsuenetako bat parte hartze prozesu baten bidez sortutako logotipoaren aurkezpena izan zen; 140 pertsona inguruk parte hartu zuten. Logotipo horrek haurren eskubideekiko konpromiso kolektiboa sinbolizatzen du.
Azaroaren 20ko ezohiko osoko bilkuran, udalak bere konpromisoa berretsi zuen, indarkeriarik gabeko ingurune batean elkarbizitza eta adingabeen parte hartzea lehenesten duen adierazpen instituzional bat onartzean. Gainera, konpromiso horrek barne hartzen du haurrak babesteko eta tokiko esparrutik edozein indarkeria mota prebenitzeko behar diren baliabideak bermatzea.
Lan hori guztia 2023ko maiatzean onartutako Haur eta Nerabeentzako lehen Udal Planaren barruan kokatzen da. Plan horrek haurren eskubideen defentsan eta haien parte hartzearen sustapenean aurrera egiten jarraitzeko ildo estrategikoak zehazten ditu.
Haurren Hiri Laguna aintzatespena emateko ekitaldia abenduaren 10ean izango da, Madrilen. Lorpen hori herritar guztien, udal langileen eta, batez ere, Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluaren ahalegin kolektiboaren isla da, haien papera funtsezkoa izan baita.
Udaletik, bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu Zumarragako neska-mutilei, izan duten gogo eta parte hartze aktiboagatik. Etorkizuna irudikatzeaz gain, gure udalerriaren oraina eraikitzen ari dira”.