Urretxuko Santa Anastasia jaietako kantu afariak 30 urte bete ditu. Hori dela eta, Gattiken ikus-entzunezko enpresak Urretxuko kantu afaria 30 urte dokumentala egin du, antolatzaileek eskatuta. Dokumentala gaur aurkeztu dute, Euskararen Egunean. Ekitaldia Labeaga aretoan izan da. Aurkezle lana Jeni Galdosek egin du eta dokumentalaren ondoren bertan bildutakoek lau kanta abestu dituzte: Benito Lertxundiren Itsasoari begira, Joxe Mari Iparragirreren Trapu zaharrak, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean eta McOnak taldearen Ez dute, ezin dute.
Dokumentalean 30 urte hauetako irudiak eta elkarrizketak jaso dituzte. Elkarrizketak antolatzaileei, parte hartzaileei eta urte hauetako gonbidatuetako batzuei egin dizkiete.