Atzo Euskararen Kriseilua ekimenaren festa egin zuten Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ekitaldi hau Urretxu eta Zumarragako Euskara sailek antolatu dute eta hiru ikastetxeek bat egin dute. Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasle guztiei eta beraien familiei euskararen kriseilua etxean edukitzea eskaini zaie, etxeetan euskararen inguruan hitz egiteko eta erabilera bultzatzeko. Familia guztiek parte hartu dute. Iraila hasieratik euskararen kriseilua etxez etxe ibili da. Astebete eman du etxe bakoitzean.
Atzoko amaiera festa ipuin kontaketa batekin hasi zen. Ondoren, hiru familiaren bizipenak ikusi eta entzun zituzen: ikuspegi anitzak, anitzak baitira familiak eta familien hurbiltasuna euskararekiko. Horren ondoren bi udaletako zinegotziak igo ziren oholtzara: Alex Gonzalez Urretxutik eta Josu Idigoras Zumarragatik. Ikastetxeei eta Topaguneari eskerrak emateaz gain (Euskaltzaleen Topagunearen ekimena da), ekitaldiko haurrei diploma bana banatu zieten “euskararen sua bizirik mantentzeagatik”. Bukatzeko, Sorgina Txirulinak beste ipuin musikatu bat kontatu zuen eta neska-mutilak dantzan jarri zituen oholtzan eta familia mailan etxe bakoitzean hartutako konpromisoa gogorarazteko familia bakoitzak argazkia atera eta etxera eraman ahal izan zuen. Proiektu hau udazkeneko Aroz Aro ekintza sortaren baitan kokatu da, eta euskararen familia transmisioan eragitea izan du helburu.