Ezagutzen den Urretxuko artelan zaharrena Zabaletako Andre Mariaren taila da. Taila hori alde batetik bestera ibili da eta egun Urretxutik oso gertu dago.
Gezurra badirudi ere, Urretxuko artelan zaharrena ez dago urretxuarren esku. Zaharra izateaz gain, istorio luzea eta zirraragarria du. Steven Spielberg-ek pelikula egiteko modukoa: Ama Birjina galduaren bila. Beharbada Indiana Jones-i deitu beharko zaio artelana berreskuratzeko…
Urretxuren 600. urteurrenerako, Mila Alvarez, Antonio
Ayllon, Pello Gonzalez eta Jose Mari Iztueta urretxuarrek herriaren historiari buruzko liburua idatzi zuten: Urretxuko historiaren liburuxka. Libururako egindako ikerketen artean, herriko artelan zaharrena zein zen ikertu zuten. Ezagutzen zen artelan zaharrena Zabaletako Andre Maria zela ondorioztatu zuten.
Egurrezko taila hori Zabaleta baserriaren parean zegoen ermita batekoa zen: Zabaletako San Joan ermitakoa. Urretxuko Zabaleta baserria Bilboko De la Sota familiarena izan zen. Baserria saldu egin zuten, baina baserri pareko Ama Birjina beraiekin eraman zuten.
Aipatutako familiak Mugitegi inguruan ere lursailak zituen eta industrialdea egin zen garaian Pello Gonzalez Mugitegiko kudeatzailea beraiekin harremanetan jarri zen lursailak erosteko. Familiak industrialdea egiteko beharrezkoak ziren lursailak saldu zituen, inongo eragozpenik jarri gabe.
Gonzalez aipatutako liburuaren lau egileetako bat izan zen eta, bide batez, artelanarengatik galdetu zien. Taila familiako bi izeben esku zegoela esan zioten. Bi emakume horiek oso erlijiosoak ziren, Urretxuko irudia asko maite zuten eta ez zuten itzultzeko inongo asmorik.
Izebak hil egin ziren eta duela gutxi pertsona batek taila berriro Gipuzkoan dagoela esan zion Gonzalezi. Urretxutik oso gertu, gainera: Aparizio auzoaren ondoan dagoen Galdos baserrian, hain zuzen ere. Izan ere, Legazpiko baserri hori ere De la Sota familiarena da. Artelana behin-betiko Urretxura ekartzeko abagune bikain baten aurrean gaudela dirudi.
Zabaletako Andre Mariaren tailak metro bat eta hamar zentimetroko altuera du. XIV. Mendekoa da, erromaniko eta gotiko artekoa. Aurpegia erromaniko garaikoa da, baina arropak gotikoko zantzuak ditu. Izan ere, Ama Birjinaren soinekoak pleguak ditu. Ezkerreko belaunaren gainean haurra du eta eskuineko eskuarekin fruta edo lore bat eskaintzen ari zitzaion.
Taila ez dago egoera onean: Ama Birjinaren eskuineko eskua eta haurraren eskuak mutilatuta daude. Haurrak eskuineko eskuarekin bedeinkatzen ari zela eta ezkerrekoan liburu bat zuela uste da, hori baitzen ohikoena.