Azaroaren 20an 2025eko aurrekonatua onartu zuten Zumarragan, alderdi guztien aldeko botoarekin. EAJk prentsa oharra igorri du, bere erabakiari buruzko iritzia ezagutzera emateko. “EAJk Zumarraga seguruagoa, iraunkorragoa eta parte hartzaileagoa bultzatzen du. Alderdi Sozialistarekin sinatutako akordioa nabarmendu nahi du, Legegintzaldiko Planean jasota dagoena. Dokumentu hori laster aurkeztuko da, eta datozen urteetarako ibilbide-orria markatuko du, Zumarragaren ongizatearen eta aurrerabidearen alde egin dugun apustua islatuz”.
Aurrekontuetan jasotako proposamen eta konpromiso gehienak planean jasotako ekintza ildoekin bat datozela nabarmendu dute. “Horren adibide da egoera meteorologiko txarretan erabil daitekeen espazio bat hautatzeko proposamena. Eremu egokia definitzeko, parte hartze prozesu bat egingo da. Era berean, udalerrian hutsik dauden etxebizitzen egoerari buruzko diagnostiko bat egiten ari gara, etxebizitza horiek higiezinen merkatuan sartzea errazteko”.
EAJko Josu Idigoras Euskara eta Hezkuntza sailaz arduratzen da. “Berrikuntza garrantzitsuak sartu ditugu, hala nola Eskola Bideak proiektua, non proposatzen dugun ikasleentzako ibilbide seguruak egitea, oinez, bizikletaz edo patinetez, adingabeen segurtasuna eta babesa hobetzeko helburuarekin. Gainera, euskararen erabilera sustatzeko aurrekontu partida berri bat bultzatu dugu. Hori guztia, gobernantza kolaboratiboaren ereduaren pean. Horrek, herritarren parte hartzea sustatzen du politika publikoen eztabaidan eta diseinuan, ekintza publiko demokratikoago eta eraginkorrago bat sortuz, herritarren eskutik lan eginez. Proposamen guztiak 2025eko Aurrekontuetan sartuta ez badaude ere, hurrengo legealdiko planak hurrengo urteetarako planifikatutako ekintza bakoitza zehaztuko du. EAJren helburua Zumarraga erakargarria, industriari dagokionez aktiboa, mugikortasun jasangarria duena, parte hartzailea eta orekatua lortzea da. Zumarragaren eta bere herritarren ongizatearen alde lan egiten dugu, gizarte justuagoa, solidarioagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko akordioak bultzatuz”.