Julio eta Esteban Mugak tximiniak eraikitzen eta konpontzen lan egin zuten. Urretxuko tximiniaren aurreko konponketa haiek egin zuten. Miranda Ebron, berriz, 110 metrokoa eraiki zuten, Espainiako altuena.
Urretxuko ikurretako bat Berriotxoaren tximinia da. Genaro Berriotxoak eraiki zuen, duela mende bat baino gehiago, bere altzari eta hauspo fabrikarako. Lantegia itxi egin zen eta ondoren bota egin zuten, baina tximinia zutik utzi zuten. Izan ere, ordurako herriko ondare zen. Industrializazioaren protagonista eta sinboloa da eta duela gutxi udalak zaharberritu egin du. Ez da lehen zaharberritzea izan, ordea. Lehenago beste bat egin zuten. Eta zaharberritze hartan Urretxuko bi anaiak parte hartu zuten: Julio Mugak eta Esteban Mugak.
Bi anai horiek tximiniak eraikitzen eta konpontzen lan egin zuten. Altuerako lanak egiten zituzten, egun baino askoz ere baliabide eta segurtasun neurri gutxiagorekin. Beraien argazkiek New Yorkeko etxe-orratzak egin zituztenei atera zizkietenak gogoratzen dute.
Urretxuko tximinia zaharberritu behar zutela jakin zutenean, Pili Mugak eta Maite F. Muga bere alabak Esteban gogoratu zuten. Piliren aita eta Maiteren aitona zen. Mugatarrak San Vicente de la Sonsierrakoak (Errioxa, Espainia) dira jatorriz. Julio bertan jaio zen eta Esteban, berriz, Gasteizen. Beste hiru anai-arreba izan zituzten: Leandro, Simon eta Alejandra.
Heraclio Fournierren
Estebanek piroteknia enpresa batean eta Heraclio Fournier karta enpresan lan egin zuen soldadutzara joan aurretik. Soldadutzatik itzuli zenean, bere anaia Juliok sortutako teila eta eraikuntza enpresan lan egin zuen.
Nazionalek 1936ko gerra piztu zutenean, bi anaiak gerrara joan ziren. Gudariak izan ziren. Biak atxilotu egin zituzten eta Santoñako (Kantabria, Espainia) kartzelan elkartu ziren. Juliok urtebete eman zuen kartzelan eta Estebanek, berriz, hiru urte. Izan ere, Urretxuko alkateak Julioren alde egin zuen. «Fabrika Ormaiztegin zuen, baina ordurako Urretxun bizi zen».
Bere anaiak, Estebanek, aspalditik zuen Urretxuren berri. «Soldadutzara joan aurretik, Gasteizeko erromeria batean bi zapata-garbitzaile ezagutu zituen. Haiek Villarrealera joatea gomendatu zioten. Allí hay parné (han dirua dago), esan zioten. Hala, Villarrealera joan zen. Eta han ere miseria besterik ez zuen aurkitu. Villarreal de Alavara (Legutio) joan zen Villarreal de Urretxura joan beharrean! Berriro zapata-garbitzaileekin elkartu zenean dirua Gipuzkoako Villarrealen zegoela argitu zioten», oroitu dute Pilik eta Maitek.
Anaiak esanda edo, Julio Urretxura etorri zen. Bere enpresa tximinietan espezializatuta zegoen. «Orbegozoko tximinia beraiek egin zuten. Eta Burgosen (Espainia) asko lan egin zuten. Baita Kantabrian (Espainia) ere. Miranda Ebron Fefasa enpresaren tximinia handia egin zuten. Hamabost egunean behin etortzen ziren etxera». Miranda Ebron 110 metrokoa eraiki zuten, Espainiako altuena garai hartan. Hura egiten, baina, beraien lankide batek istripua izan zuen eta hil egin zen. «Lankide batek jai zuen eta etxera etorri behar zen, baina jai eguna aldatu zuten. Aitonak jai hartu zuen eta lankidea lanean gelditu zen. Mirandako geltokian zegoela, aldamioa erori zela ikusi zuen. Aldamio hartan berarekin jai eguna aldatu zuen lankidea zegoen».
Orbegozora lanera
Horren ondoren, Estebanek tximinietan lan egiteari uztea erabaki zuen. «Pedro Orbegozok lantegian lana eskaini zion eta eskaintza onartzea erabaki zuen. Bere anaiari pena eman zion, baina emazteak etxean nahi zuen eta Mirandako istripuak lur jota utzi zuen, gainera».
Maitek bere aitona oso azkarra zela dio. «Berak irakatsi zidan erro karratuak egiten. Egun jaio izan balitz, ez litzateke igeltseroa izango».
Matematikarako ez ezik, tximinien eraikuntzarako ere dohain apartak zituen, ordea. «Isabel tabernako mostradorea esku batekin salto egiten zuen. Tximino baten abilezia zuen. Behin, amak balkoian utzi zuen brometan eta aita beste balkoira pasa zen. Handik etxera sartu zen eta amari sekulako sustoa eman zion. Urretxuko Iparragirre kaleko Labekoa etxeko hirugarren solairuan bizi ziren!».