Urretxuko Udalaren jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen maila gorena aitortu du Eusko Jaurlaritzak, Bikain ziurtagiriarekin
Urretxuko Udalak goi mailako Bikain ziurtagiria lortu du. Era horretara, bere jardueran eta kudeaketan euskarak garapen maila gorena duela egiaztatu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Eusko Jaurlaritzak euskararen garapena eta integrazioa neurtzen ditu erakundearen jardueretan eta kudeaketan. Ziurtagiri horrek Urretxuko Udalak euskararen erabilera sustatzeko, indartzeko eta zabaltzeko duen konpromisoa erakusten du, bai herritarrekiko harremanetan baita erakunde barruko lan hizkuntzan ere.
“Talde ebaluatzaileak nabarmendu egin nahi du Urretxuko Udalak euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko nahiz kudeatzeko egin duen eta egiten ari den lana. Euskararen erabilera normalizatzeko egindako bideak bere fruituak eman ditu: bai herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bai euskararen erabilera lan hizkuntza gisa areagotzeko”, jaso dute ebaluatzaileek azken txostenean.
Ziurtagiri hori lortzea “aitorpen handia izan da udalak orain arte euskararen normalizazioan egindako ahalegin eta dedikazioarentzat”, diote udaletik. Eusko Jaurlaritzak lan hori eskertu nahi izan du, eta udalari bultzada ematen dio euskararen erabilera sendotzeko eta zabaltzeko bidean aurrera egin dezan. Bai udal barneko lan harremanetan baita herritarrekin dituen harremanetan ere.
Bikain ziurtagiri ofiziala da, publikoa eta doakoa, Eusko Jaurlaritzak enpresei eta erakundeei ematen diena. Erakundeetako zerbitzuen eta lan harremanen hizkuntza ebaluatzen du eta euskararekiko duen konpromiso maila saritzen du. Ebaluazio taldeak lantokia bisitatu eta KEMENen (Kudeaketa eta Erabilera Markoa Euskararen Normalizaziorako) jasotako adierazleak aztertu ditu, eta azterketa horretan euskararen presentzia, kudeaketa eta erabilera ebaluatu ditu.