Yuri Francedak Zumarragako Euskadi plazako Arkupe taberna irekiko du bihar (ostirala). Inaugurazio ekitaldia 18:00etatik 19:00etara izango da.
Asteartetik igandera irekiko du: astearte eta ostegunetan 08:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara, ostiraletan 08:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 22:00etara, larunbatetan 07:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 22:00etara eta igandetan 09:30etik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Goizero gosariak eskainiko ditu: jogurta, ogi xigortua…
Zumarragako Euskadi plazako Arkupe taberna Luis Miguel Herasek eta Josune Garinek ireki zuten 1986an. Duela hiru aste erretiroa hartu zuten. Heras Realeko jokalaria izan zen eta talde txuri-urdinean jokatu zuen garaiko argazkiekin apaindu zuen taberna. Francedak tabernaren izpiritua mantentzea erabaki du. Herasen Realeko kamiseta bere tokian utzi du eta atzeko horman Reale Arenako argazki handi bat jarri du.
Franceda kubatarra da. Habanakoa, hain zuzen ere. Duela urte batzuk etorri zen Euskal Herrira. Azpeitian bizi da eta euskaraz daki. “Euskal Herrian oso ondo hartu naute eta tabernako lana horren ondo hartu nauen jendeari eskerrak emateko baliatu nahi dut”.