Urteroko moduan, Antxiñako Ama txistulari taldeak kontzertua antolatu du Gabonetarako. Aurtengo kontzertua hilaren 21ean izango da, 19:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan.
Antxiñako Amako txistulari taldeko kideen desioa herritar guztiek beraien kontzertuaz gozatzea da, «denon artean gure kultura bizirik mantentzeko». Hori dela eta, aldez aurretik doako sarrerak hartu beharko dira. Pertsona bakoitzak gehienez bi sarrera hartu ahal izango ditu. Sarrerak nahi duten guztientzat eskuragarri izango dira, agortu arte.
Sarrerak Zelai Arizti kultur etxean banatuko dira: abenduaren 16an, 17an eta 18an 18:30etik 20:00etara eta abenduaren 19an eta 20an 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 21:00etara. Ordurako agortu ez badira, kontzertuaren egunean ere banatuko dituzte: Beloki pilotalekuan bertan, 18:30etik 19:30era.
Antxiñako Ama txistulari taldeak «ilusio handiz» prestatu du kontzertua. Beti bezala, txistulariekin batera, abeslariak, dantzariak eta beste musikari asko ariko dira.
Herritarrak bertaratzera animatu dituzte. «Herritarrei musikaren mundu misteriotsuan murgiltzera, melodien artean mugarik gabeko bidaia egitera, animatu nahi diegu. Kontzertu hau ez da soilik musika entzuteko, elkartzeko eta gure kultura partekatzeko aukera paregabea da».