Yuri Francedak Zumarragako Euskadi plazako Arkupe taberna ireki zuen ostiralean. Asteartetik igandera irekiko du: astearte eta ostegunetan 08:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara, ostiraletan 08:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 22:00etara, larunbatetan 07:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 22:00etara eta igandetan 09:30etik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.
Zumarragako Euskadi plazako Arkupe taberna Luis Miguel Herasek eta Josune Garinek ireki zuten 1986an. Duela lau aste erretiroa hartu zuten. Heras Realeko jokalaria izan zen eta talde txuri-urdinean jokatu zuen garaiko argazkiekin apaindu zuen taberna. Francedak tabernaren izpiritua mantentzea erabaki du. Herasen Realeko kamiseta bere tokian utzi du eta atzeko horman Reale Arenako argazki handi bat jarri du. Gainera, inaugurazio ekitaldian langileek Realaren kamiseta soinean zutela lan egin zuten.
Franceda kubatarra da. Habanakoa, hain zuzen ere. Duela urte batzuk etorri zen Euskal Herrira. Azpeitian bizi da eta euskaraz daki. “Euskal Herrian oso ondo hartu naute eta tabernako lana horren ondo hartu nauen jendeari eskerrak emateko baliatu nahi dut”.