Urretxuko eta Zumarragako familia askok Sagaspe baserrian egindako ogia jateko ohitura du. Gabon hauek izango dira Sagaspeko ogiarekin ospatuko dituzten azkenak. Izan ere, Sagaspekoek ogia egiteari utziko diote abenduaren 31n.
Sagaspeko familiak ia ehun urte daramatza baserriko produktuak Zumarragako azokan saltzen. Francisca Korta izan zen azokara joaten lehena, 1933an. Ondoren, haren seme Tiburcio Zalduak eta bere emazte Maria Kortak hartu zuten erreleboa. Haiek izan ziren ogia egiten hasi zirenak, 1979 inguruan. Ondoren, Jesus Zalduak –Tiburcioren eta Mariaren semea– hartu zuen erreleboa. Euxebi Ormazabalen –Jesusen koinata– eta Rosario Zalduaren –Jesusen arreba– laguntza izan du.
Francisca Kortak oilaskoak eta untxiak saltzen zituen Zumarragako azokan. Jesus eta Rosario Zalduak oroitzen duten moduan, garai hartan abereak bizirik eramaten zituzten plazara. Handik urte gutxira, Tiburciok eta Mariak hartu zioten lekukoa. «Urbe dendaren aurrean jartzen ziren. Aipatutako oilaskoez eta untxiez gain, barazkiak, aranak, gereziak eta sagarrak ere saltzen zituzten. Ez ziren astero joaten, generoa zeukatenean bakarrik».
1954an baserritarren gunea eraiki zuten, eta Sagaspekoek hara eraman zuten beraien postua. «1979 inguruan aita eta ama ogi batzuk azokara eramaten hasi ziren. Oso ondo saltzen zirela konturatu ziren. Garai hartan ia baserri guztietan egur-labea zegoen, eta etxerako ogia egiten zuten astean behin», gogoratu dute azken okinek.
Ganadua eta ogia
Sagaspeko ogiak arrakasta izan zuen, eta, pixkanaka, geroz eta ogi gehiago egiten hasi ziren. «Aitak ganadu salerosketan eta basoan lan egin zuen. Ogia horren ondo salduko zela jakin izan balu, lehenago hasiko zela esaten zuen», aipatu dute.
1981ean Tiburcio gaixotu egin zen, eta haren seme Jesusek hartu zuen erreleboa. Labe zaharra kendu zuen eta Sagaspeko okindegi txikian bi egur-labe berri eraiki zituen. Ogia saltzen jarraitu zuen, koinata Euxebirekin –2018an zendu zen– eta arreba Rosariorekin. Urte hauetan guztietan gainontzeko senitarteko guztien laguntza ere izan dute, anai-arreba, koinatu eta iloba artean; guztiei eskerrak eman dizkie. Abenduaren 31n hartuko du erretiroa.
Sagaspekoak Zumarragako azokan hasi ziren ogia saltzen, baina azken hamarkadetan askoz leku eta herri gehiagotara joan dira. Astero, Urretxuko, Legazpiko eta Beasaingo azoketara joan izan dira. Feria berezietan ere parte hartu dute: San Tomas eguneko azoka Donostian, San Andres eguneko azoka Eibarren, Gabon Zahar feria Elgoibarren, Arrasateko santamasak, Pilarika eguneko Elosuko feria… eta Santa Lutzi eguna, noski. Ostiral honetakoa azken Santa Lutzi feria izango dute.
Urte hauetan guztietan, azoketan ez ezik, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako hainbat dendatan ere saldu dute. Gainera, duela urte gutxi arte, herritar asko Sagaspera joaten ziren ogia erostera. Batzuk autoan eta beste asko oinez. Ogiaren aitzakiarekin, Belokiko buelta egiten zuten. Edo Belokiko bueltaren aitzakiarekin ogia erosten zuten…
Jesusen Land Roverra
Horiez gain, larunbat arratsaldeetan Jesus baserritik herrira Land Roverrean jaisten zen, ogia saltzera. Lehen geldialdia Mertzedarietan egiten zuen. Ondoren, bi herrietako beste toki batzuetan saltzen zuen. Jende ilara luzeak sortzen ziren. Duela urte batzuk Land Roverraren ordez furgoneta bat hartu zuen. Pandemia garaian utzi zion ogia larunbat arratsaldeetan saltzeari. Pandemiarekin, Urretxuk eta Zumarragak irudi ikoniko hori ere galdu zuten.
Sagaspekoek milaka ogi saldu dituzte azken 45 urte hauetan. Izan ere, Sagaspe baserrikoa urretxuar eta zumarragar askoren ogi kutuna da. «Gaur egun ez da oso ohikoa ogia egur-labean egitea, baina egur-labean osagai naturalekin egiten den ogia oso ona da. Guk irina, legamia, gatza eta ura besterik ez ditugu erabiltzen. Egur ona erabiltzea ere garrantzitsua da. Pago, haritz eta akazia egurrarekin egin ohi dugu sua. Egur motak egosketan, zaporean eta kolorean eragina du. Bestalde, uraren eta labearen tenperatura kontuan izan behar dira. Garai batean dena eskuz egiten genuen, baina 1989an oratzailea erosi genuen».
Sagaspen ogi mota ezberdinak egiten dituzte: garizkoa, integrala, espeltazkoa, zekalezkoa eta artozkoa. Azoketan, ogiaz gain, baserriko beste hainbat produktu ere saltzen dituzte: intxaurrak, hurrak, arrautzak, sagarrak, mizpirak, ardi esnea eta barazkiak. Oso bezero leialak izan dituztela aitortu dute, eta guztiei eskerrak eman dizkiete.