Ostegunean Emakumeari eta Kirolari buruzko XIV. mintegia egin zen Bilbon, Deustuko Unibertsitatean. Mintegi horretan emakume kirolari ospetsuak eta arlo horretako adituak biltzen dira, kirol arloan berdintasunak duen garrantzia ikertu eta hori lortzeko nola lan egin aztertzeko. Kirol lege berria ere jorratu zuten.
Mintegiko unerik hunkigarrienetako bat Emakumea eta Kirola Sarien 6. edizioko sari banaketa izan zen. Sari horrek klubek eta federazioek berdintasunaren alde egindako lana aitortzen du.
Epaimahaiak Urola Eskubaloi klubak berdintasunaren alde egindako ibilbidea saritzea erabaki zuen. Angel Maniega Urolako presidenteak jaso zuen saria, Arantxa Uria Kirol Profesionaleko Emakumeen Elkarteko presidenteordearen eskutik.
6. edizio honetako beste sarituak hauek izan dira: Ane Santesteban txirrindularia, banakako kategorian, eta KAIT taldea, Kirola Kudeatzeko Euskal Elkartea, enpresa edo erakundeen kategorian.
Epaimahaia Aspasia Emakumeen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiko Aukera Berdintasunerako eta Genero Politiketarako Unitateak, Cristina Ubani berdintasunean adituak, Bizkaiko Futbol Federazioak (iaz saritua izan zen), Karmele Gisasola pentatletak eta Deustuko Unibertsitateak osatu zuten. Urolak Aspasiari eskerrak eman dizkio. “Aitortza honek berdintasunaren eta beste proiektu batzuen alde lanean jarraitzeko indarra eta motibazioa ematen digu”.