Urretxuko eta Schwarzenbruck-eko udalek Europaren 46.000 euroko diru-laguntza lortu dute
Urretxuko Udaleko Gazteria sailak 46.000 euro lortu ditu Europatik herriko 15 nerabek Erasmus+ programan parte hartu ahal dezaten. Europatik jasoko den diru-laguntzari esker, 14-18 urte bitarteko 15 nerabe, hiru hezitzailerekin batera, Schwarzenbruck-era (Alemania) joango dira apirilean. Astebeteko egonaldia egingo dute bertan. Udazkenean Schwarzenbruck-eko 15 nerabe Urretxura etorriko dira. Astebeteko egonaldian, sormena izango dute ardatz eta langai, baina horrekin batera beste herrialde bat ezagutzeko, bertako adin bereko kideak ezagutzeko eta hizkuntzak eta kulturak lantzeko aukera ere izango dute. Esperientzia horretan doan parte hartuko dute, bai Urretxuko eta bai Schwarzenbruck-eko nerabeek.
Urretxuko Udalak senide duen Schwarzenbruck-ekoari hautagaitza aurkeztea proposatu zion. Era horretara, bi herrien arteko harremanak sendotu eta egonkortu nahi dituzte. Baita ezagutza elkartrukatzeko bideak zabaldu ere. Izan ere, elkartrukean 30 nerabek parte hartuko badute ere, egonaldian komunitate bakoitzeko hainbat pertsona eta eragile kultural, sozial eta ekonomikorekin ere izango dute harremana. Bi udalak dagoeneko lanean dira elkartrukea ahalik eta aberasgarriena izan dadin.
Hasiera batean, Sormonaken parte hartzen ari diren 15 nerabek izango dute elkartrukean parte hartzeko aukera. Urtarrilaren hasieran landuko dute gaia sormen prozesuan parte hartzen ari direnekin eta ikastetxeekin. Behin taldea zehaztuta, hezitzaileek taldearekin berarekin hainbat lanketa egingo dituzte egonaldiak prestatzeko eta Schwarzenbruck-eko nerabeekin harremanak online abiarazteko. Sormonaken bezala, gaia ez da ikuspegi artistikotik edota kulturaletik bakarrik landuko, baita gainerako esparruetatik ere.