Elene Lete, Dani Garcia eta Mikel Balenziaga futbolariak; Alberto Fernandez futbol epailea; Angel Arrospide, Jabier Aranberri eta Jose Ugarteburu aizkolariak eta Nahia Urbizu gimnasta omenduko ditu
Urteroko moduan, Zumarragako Udalak kirolariak omenduko ditu. Ekitaldia ostegunean izango da, 12:00etan, udaletxean. Aurten zortzi kirolari omenduko ditu: Elene Lete, Dani Garcia eta Mikel Balenziaga futbolariak, Alberto Fernandez futbol epailea, Angel Arrospide, Jabier Aranberri eta Jose Ugarteburu aizkolariak eta Nahia Urbizu gimnasta. Azken honek herritarren saria jasoko du.
Lete Realeko atezaina da eta Espainiako selekzioarekin ere jokatzen du. Realarekin Kopako finala jokatu du eta Espainiako selekzioarekin Nazioen Liga irabazi du eta 4. egin du Pariseko Joko Olinpikoetan.
Dani Garciak Kopa irabazi du aurten Athleticekin. Hamar denboraldi eman ditu Espainiako Ligako Lehen Mailan: lau Eibarren eta sei Athleticen. Aurten Olympiakos taldearekin fitxatu du eta Europa Liga jokatzen ari da.
Mikel Balenziagari dagokionez, hamar denboraldi jokatu ditu Athleticen. Bi Superkopa irabazi ditu. Aurreko denboraldian A Coruñako Deportivon jokatu zuen eta Bigarren Mailaren igotzea lortu zuen. Aurtengo ekainean futbola utzi du. Entrenatzaile lanetan dabil, Sopelan (Bizkaia).
Letek, Garciak eta Balenziagak Urolan eman zituzten lehen pausoak.
Alberto Fernandezi dagokionez, 18 urte eman ditu epaile lanetan. Aurten hartu du erretiroa. Horretaz gain, Urolako zuzendaritzako kidea izan da Valentin Barrena, Serafin Gartziandia, Koldo Madariaga, Francis Nuñez eta Mikel Mesonero lehendakariekin. Baita lehen eta bigarren taldeetako eta kimu mailako taldeko delegatua ere.
Aizkolariei dagokienez, hiruek sekulako lana egin dute kirol hori Zumarragan eta herriko inguruetan sustatzeko. Arrospidek sei aldiz irabazi zuen Euskal Herriko txapelketa. Ugarteburu eta Aranberri ere Lehen Mailan lehiatu ziren. Ugarteburu hirugarren postuan sailkatu zen bi aldiz Euskal Herriko txapelketan.
Urbizuk gimnastika erritmikoa egiten du. Banaka, Gipuzkoako txapelketa irabazi du. Taldeka, Azkoitiko Zubiberri taldearekin, Euskadiko txapelketa irabazi du.
Aipatu bezala, Urbizuk herritarren saria irabazi du. Berrikusi aplikazioaren bidez aukeratu dute. Botoa eman duten guztien artean Ispilla udal kiroldegiko urte osoko abonua zokatu dute eta Carlos Hernandezek irabazi du.