Urretxuko Udalak goi mailako Bikain ziurtagiria jaso du, bere jardueran euskarak duen garapen mailagatik
Urretxuko Udalak goi mailako Bikain ziurtagiria lortu du. Era horretara, bere jardueran euskarak garapen maila gorena duela egiaztatu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Eusko Jaurlaritzak euskararen garapena eta integrazioa neurtzen ditu erakundearen jardueretan eta kudeaketan. Ziurtagiri horrek Urretxuko Udalak euskararen erabilera sustatzeko, indartzeko eta zabaltzeko duen konpromisoa erakusten du, bai herritarrekiko harremanetan baita erakunde barruko lan hizkuntzan ere. Ziurtagiri banaketa atzo izan zen, Donostiako Kursaal aretoan. Oraingo honetan, jaurlaritzak 44 entitate publiko eta pribaturen lana aitortu du. Urretxuri dagokion ziurtagiria Maialen Fidalgo zinegotziak jaso zuen, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eta Sonia Rodriguez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariaren eskutik.