Bihar izango da, 19:00etan, eta bost ordu iraungo du
DJ Pikatronik (Juan Pikasarri) zumarragarrak euskal rockaren festa egingo du bihar bere herriko Huts tabernan. Ekitaldia 19:00etan hasiko da. Garai guztietako taldeen kantak jarriko ditu.
Pikasarrik Irizar enpresan lan egiten du, muntaian. 28 urte daramatza Irizarren. Musika lehenagotik gustatzen zaio. «Etxean musika kate bat nuen eta jolastea gustatzen zitzaidan. Grabaketak egin-eta. Gure kuadrillan asko gustatzen zaigu musika, betidanik. Kontzertu askotara joan gara. Hasieran, auto-stop egiten genuen kontzertuetara joateko. Segura Irratian sarrerak zozkatzen zituzten eta deitu egiten genuen. Euskal rock taldeen kontzertuetara joaten ginen, batez ere».
Ondoren, trance eta techno erritmoetara zaletu zen. «Klubetara eta dantzalekuetara joaten hasi ginen: Itziarreko Txitxarro, Elgoibarreko Guass, Bilboko Conjunto Vacio, Bergarako Jam. DJak jarraitzen genituen: Umek, Richie Hawtin… Nahasketak nola egiten zituzten ikustea gustatzen zitzaidan. Navarro tabernako Fran Chamorrok animatu egin ninduen eta kontrolatzaile bat erosi nuen. Urretxuko jaietan egin nuen debuta… 06:00etan! Primeran pasa genuen! Duela 18 bat urte izan zen».
Ordutik, hamaika tokitan lan egin du: Donostian, Miarritzen, Tolosan, Andoainen, Azkoitian, Azpeitian, Zumaian, Goierriko herri askotan, Bizkaiko herri batzuetan… Ofizioa asko aldatu dela dio. «Teknologia asko aldatu da. Egun, askoz ere errazagoa da nahi duzun musika lortzea. Eta kontrolatzaileak hobeak dira. Garai batean, biniloekin lan egin nuen. Belarria egiteko oso ondo dago. Baina seme-alabak jaio zirenean, disko-jogailuak saldu behar izan nituen. Teknika hobetzen lagundu zidaten. Lanbide honetan ere etengabeko formakuntza ezinbestekoa da. Valladolideko bi lagunek asko lagundu didate: nola antolatu hobeto musika karpetak, nola egin atseginagoak saioak…».
Techno-house musika
Funtsezkoena DJak musika non jarri behar duen ondo jakitea dela dio. «Niri techno-house musika jartzea gustatzen zait gehien, baina lokaleko nagusiarekin hitz egin beharra duzu nondik nora jo jakiteko. Taberna askotan ezin dut techno-house musika jarri. Santa Lutzi egunean Urretxuko Berit tabernan aritu nintzen eta techno-house musika ez zen egokia. Urte askotan techno-house jarri nuen, baina genero guztiak gustatzen zaizkidala konturatu nintzen. Musika mota ezberdinak jartzen hasi nintzen eta horrek ate asko ireki zizkidan. Techno-house musika jartzea oso dibertigarria da, baina herri hauetan oso jende gutxik jarraitzen du musika hori».
Teknikari dagokionez, garrantzitsuena abestiak noiz sartu jakitea da. «Abesti bat ezin duzu edozein unetan sartu. Abesti bat abiada batean badoa, hurrengoa antzeko abiadakoa izan behar da, adibidez».
Ez du mikrotik hitz egiteko ohiturarik. «Niregana datorren jendearekin hitz egitea ez zait inporta, baina mikrotik hitz egiteko ohiturarik ez dut. Noizean behin tontakeriaren bat esaten dut, baina ez dut asko hitz egiten».
Jendeari abestiak eskatzeko aukera ematen dio. Denetik eskatzen diote. «Baita autotxokeetako abestia ere. Baina ezin duzu jendeak eskatzen dizun guztia jarri. Santa Lutzi egunean Berit tabernan egin nuen saioan abesti lasai bat eskatu zidaten. Etxean entzuteko oso ondo dago, baina festa batean ezin dut hori jarri».
Larunbatean euskal rocka jarriko ditu. «Jendeak euskal rockaren inguruko festa eskatu zidan eta Hutseko Josebak eta Jokinek erraztasun guztiak eman dizkidate. Festa dibertigarria izango da. Giro ona egongo da. Nire helburua jendeak ondo pasatzea izaten da. Garai guztietako abestiak jarriko ditut. Niko Etxart, Itoiz, Anje Duhalde, Delirium Tremens… eta baita egungoak ere. Egun ere oso talde onak daude: The Clayton, Odolkiak Ordainetan, Lazkaoko Sustrai Berriak taldea… Festa 19:00etan hasiko da eta bost orduko iraupena izango du».
Berit eta Kortaberri
Bost ordu asko dira. «Egin behar dudana prestatuta eramaten dut. Oinarri bat. Ondoren, festan, inprobisatu ere egiten dugu. Bizpahiru karpeta eramaten ditut prestatuta. Batek arrakastarik ez duela ikusten badut, beste bat erabiltzen dut. Horretaz gain, jendeak eskatzen dizkidan abestiak jartzen ditut. Jendeari horrelako festak asko gustatzen zaizkio. Izan ere, gure belaunaldikoak ez gara gauetan ateratzen jada eta arratsaldetan antolatzen diren festak asko eskertzen ditugu. Berit tabernako Javiri eskerrak eman nahi dizkiot ematen dizkidan erraztasun guztiengatik. Bestalde, Kortaberri tabernan antolatzen genituen festak ere askotan gogoratzen ditut».