Saioa Puebla eta Andoni Salamerok gidatu dute agur-omenaldia, eta aurrerantzean ere urtero egitea iradoki dute.
2024an hil direnei zuzendutako agur-omenaldia egin dute, gaur, Zumarragako Euskadi Enparantzan. Saioa Pueblak eta Andoni Salamerok gidatu dute ekitaldi berezia, eta sentsibilitate desberdinak dituzten pertsonen samina adierazteko zein elkarri laguntzeko gune seguru bihurtu dute baserritarrek azoka egiten duten tokia. Mimoz eta sentiberatasunez beteriko hitzak eta musika lagun, ekitaldi samurra burutzea lortu dute, antolatzaileentzat ezinbestekoa baita “oroitzea, gelditzea eta partekatzea”.
Zentzu horretan, urtero errotzen joango den ekintza bat izatea nahi dutela adierazi dute, Puebla eta Salameroren ustetan, bat egitea ez baita gaur bai eta bihar agur egiteko ezer, baizik eta landu eta zaindu beharreko keinua. Zumarragan, antza, 2022an, pandemia zela eta, antzerako zerbait egin zen, non herriko alkate eta zinegotziek ere esku hartu zuten. Diotenez, halako ekitaldiak, “elkartasunaren, enpatiaren eta errukiaren adierazte gardenak dira”.