Datorren urtean Urretxu eta Zumarragako hiru txirrindulari profesional mailan arituko dira: Xabier Isasa eta Nicolas Alustiza Euskaltel-Euskadi taldearekin eta Alex Diaz Caja Ruralekin. Hiruek, txirrindulari bikainak izateaz gain, mutil jatorrak direla erakutsi dute: larunbatean Goierri kirol elkartearen txirrindularitza eskolako gazteekin entrenatu zuten. Euskaltel-Euskadiren bigarren taldean aritzen den Gari Ugarte 23 urte azpiko txirrindulari legazpiarra ere beraiekin aritu zen.
Alustiza, Diaz, Isasa eta Ugartek Goierriren txirrindularitza eskolan eman zituzten lehen pausoak eta txirrindularitza eskolako arduradun berriek gaztetxoekin irteera bat egitea proposatu zietenean, gustura asko joango zirela erantzun zuten. Entrenamenduan Goierriren txirrindularitza eskolako bederatzi txirrindularik parte hartu zuten: kadete mailako zortzi eta gazte mailako bat. Hamahiru txirrindulariak Urretxutik Amezketara joan ziren.
Txirrindularitza eskolako arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete. “Lauak oso jatorrak eta gertukoak dira. Hurrengo batean ere gaztetxoekin entrenatzeko prest agertu dira. Ba al dago hiru profesionalekin eta 23 urte azpikoen mailako batekin entrenatu dezakeen beste txirrindularitza eskolaren bat?”, aipatu du Juan Agirrek.
Agirrek aurten hartu du txirrindularitza eskolaren ardura, Aitor Bastarrikarekin batera. Beraien aurretik aritutakoek egindako lan ona goraipatu dute. “Goierrin aritutako hiru gazte profesional mailan eta laugarren bat 23 urte azpikoen mailan ikustea harro egoteko modukoa da. Gure aurrekoek, Aitor Salaberriak eta Aitor Chicok, oso lan ona egin dutela esan nahi du. Babesleei eta Ezkio-Itsaso, Urretxu eta Zumarragako udalei ere eskerrak eman nahi dizkiegu”.