44 plaza egin zituen Urretxuko idi pareak, eta lau plaza eskas gutxiago Birlekoak (Bizkaia). Hori horrela, Ipiñarrietak irabazi ditu jokoan zeuden 4.000 euroak.
Astelehenean, Errege Egunez, idi apustua jokatu zuten Gureako probalekuan. Ipiñarrietako idiak eta Birleko (Bizkaia) Iñaki Lopategirenak aritu ziren nor baino nor gehiago, eta azkenean, Urretxuko idi parea nagusitu zen, Birlekoak baino lau plaza eskas gehiago eginda.
Ipintza harria hartuta, 30 minutuz ahalik eta plaza gehien egitera plazaratu ziren bi etxeetako idiak; izan ere, 4.000 euro zituzten jokoan. Baldintza gisa hitzartu bezala, Lopategiren idi parea atera zen aurrena plazara, eta etxe horretako idiek 39 plaza, lau zinta eta 3,70 metro egin zituzten. Urretxuko idiak atera zituzten gero probalekura, eta horiek 44 plaza justu egin zituzten. Hori horrela, urretxuarrek irabazi zuten jokoan zuten dirua.
Animalien pisaketak goizean egin zituzten. 1.140 kilotik gorako kilo bakoitzeko, kilo eta erdiko gainzama erantsi zioten Ipintza harriari. Hori horrela, Ipiñarrietaren idiak 51 kiloko gainkargarekin aritu ziren, eta 57 kiloko gainkargarekin Lopategirenak.
Testua: Andoni Elduaien/Azkoitia Guka
Argazkia: A. Aizpurua