Rakel eta Vanessa Blanco Cobos ahizpek bidaiatzea eta urpekaritza oso gustuko dituzte. Vanessak urpekaritza irakasle izateko ikasi behar du Filipinetan.
Rakel eta Vanessa Blancok ia 20 urte daramatzate elkarrekin bidaiatzen. Duela urte batzuk, berriz, urpekaritza probatu zuten. Ordutik, ozeano ezberdinetako uretan murgildu dira.
Azken 20 urte hauetan herrialde asko bisitatu dituzte. «Vietnam, Thailandia, Sri Lanka, Maldivak, Argentina, Kuba, Panama… Toki batzuk asko gustatu zaizkigu eta behin baino gehiagotan joan gara. Kanbodian eta Kuban, adibidez, bi aldiz izan gara. Filipinetara, berriz, lau aldiz joan gara. Lasai bidaiatzea gustatzen zaigu. Horregatik egon gara behin baino gehiagotan herrialde batzuetan». Hasieran beti elkarrekin joaten ziren, baina 2019tik hona Vanessak bakarrik bidaiatu du hainbat aldiz. Izan ere, lanean askatasun handiagoa du.
Toki batera heldu ondoren, garraio publikoa erabiltzea gustatzen zaie, bertako jendea ezagutzeko. «Sri Lankan, adibidez, jende askok tuk-tukak alokatzen ditu, edo txoferdun autoak. Guk trena eta autobusa erabiltzen dugu, jendearekin nahasteko. Xarma gehiago du. Sri Lankan trena orduko 20 kilometroko abiadan zihoan, te plantazioen artean».
Bidaiak beraiek antolatzen dituzte. «Jende gehiena dena lotuta joaten da eta egunerokoa oso programatuta izaten dute. Zure kasa askatasun handiagoa duzu: bidaia zuk antolatzen duzu, ikusi nahi dituzun tokietara joaten zara… Gainera, lagun gehiago egiten dituzu».
Arriskurik ez
Ez dute sekula arriskurik sentitu. «Arriskurik ez dugu sentitu, baina herrialde islamiar batzuetan zenbait arau errespetatu behar dituzu. Maldivetan, adibidez, ezin duzu bikinia jantzi. Sri Lankan ez ziguten tenplu batean sartzen utzi, praka elastikoak generamatzalako». Rakeli gehien gustatzen zaizkion herrialdeak Argentina eta Sri Lanka dira, oso aberatsak baitira. «Herrialde horietan denetik egin daiteke: urpekaritza, mendira joan, ibilbide historikoak, animaliak ikusi, arkeologia…». Vanessari ere Argentina eta Sri Lanka gustatzen zaizkio, baina urpekaritza oso gustuko du eta Maldivetara ere oso gustura joaten da. «Urpekaritza egiteko toki onena Maldivak dira. Filipinek ere itsas hondo oso polita dute, baina Maldivetako itsasoan dagoen bizitza paregabea da. Kalifornia behean arrain handiak daude, baina marrazoak oso gustuko ditut eta Maldivetan inon baino gehiago daude».
Jendeak marrazoak arriskutsutzat ditu, baina Vanessak ez direla arriskutsuak dio. «Ez gara kaioletan sartzen marrazo artean urpekaritza egiteko. Janaririk ez badago tartean, ez dira arriskutsuak. Ondotik pasa izan zaizkit. Hori bai, beti zure begiradapean izan behar dituzu. Modu arriskutsuan datozela ikusten baduzu, muturra albo batera bideratu behar diezu. Baina ez zait inoiz halakorik egitea suertatu».
Steven Spielberg-ek Jaws pelilukarekin marrazoei min handia egin diela diote. «Jendeak erasokorrak direla uste du. Edo zauri bat baduzu eta odola usaintzen badute eraso egingo dizutela. Hori ez da hala. Gizakion odola ez zaie gustatzen. Koska egin dezakete zer den jakiteko, baina ez zaie gustatzen. Ez badute beraien burua arriskuan ikusten, ez dute erasotzen. Hori dela eta, ez da mugimendu bortitzik egin behar. Jakin-min hutsez gerturatzen dira gizakiongana».
Ezpata-arraina
Beste arrain batzuk arriskutsuagoak direla diote. «Ezpata-arraina arriskutsuagoa da. Sardinak jaten dituzte eta sardinak zuregana hurbiltzen dira babes bila. Urrundu egin behar dituzu, ezpata-arraina ziztu bizian etortzen baita. Ziztatzen bazaitu, aurretik atzera zeharkatu zaitzake».
Abenduan Filipinetara joan ziren. Rakelek bi aste eman ditu bertan eta Vanessak bost hilabete emango ditu. «Irakasle ikastaroa egin behar dut. Nire asmoa urpekaritza irakaslea izatea da. Berdin zait non. Hori bai, ur epeletan. Maldivetara hamahiru aldiz joan naiz eta bertan bukatuko dudala pentsatzen dut».
Horretaz gain, Japoniara joan nahi du bere ahizparekin. «Afrikan ere ez gara egon. Beldur apur bat ematen dit. Izan ere, ziur bertan urpekaritza egitea ere asko gustatuko zaigula…». Urpekaritza oso erlaxagarria dela diote. «Ur azpian bakea sentitzen duzu. Lurrazaleko guztia ahazten duzu. Oso erlaxagarria da», amaitu dute.