Urola Garaiko Lanbide Eskolak (UGLE) 2025eko Enplegurako Prestakuntza Plana ezagutzera eman du: doako ikastaroak eskainiko dizkie bai langabetuei eta baita lanean ari diren pertsonei ere. Lanbidek finantzatutako programa horren helburua parte hartzaileen gaitasun profesionalak hobetzea eta lan aukerak handitzea da.
Langabetuentzako prestakuntza espezializatuari dagokionez, UGLEk bi prestakuntza programa eskaintzen ditu: tresneria industrialaren mantentze eta muntatze mekanikoa eta iturgintza, berokuntza eta girotzea. Bi ikastaro horiek ezagutza teknikoak eskaintzeko diseinatuta daude eta amaitzean parte hartzaileek praktikak egingo dituzte inguruko enpresetan.
Tresneria industrialaren mantentze eta muntatze mekanikoari dagokionez, ikastaro horrek 510 orduko iraupena izango du. Ikastaroa amaitu ondoren, parte hartzaileek praktikak egingo dituzte. Ikastaroa otsailaren 10ean hasiko da.
Iturgintza, berokuntza eta aire girotze ikastaroari dagokionez, 320 orduko iraupena izango du. Ikastaroa amaitu ondoren, parte hartzaileek praktikak egingo dituzte inguruko enpresetan. Ikastaroa otsailaren 17an hasiko da.
Ikastaro horietakoren batean izena emateko, Lanbideren webgunera edo bulegoetara jo behar da.
Langileentzako ikastaroak
UGLE lanbide eskolak langileentzako ikastaroak ere eskainiko ditu. Hamabost, hain zuzen ere. Ikastaro horiekin, etengabeko prestakuntzaren alorrean, UGLEk lanean ari diren pertsonekin duen konpromisoa berresten du. Hamabost ikastaro horiek parte hartzaileek beren gaitasunak eguneratzeko eta lan merkatuaren aldaketei egokitzeko diseinatu dira.
Langileei zuzendutako hamabost ikastaro horietako lau urtarrilean hasiko dira: Kuka robot industrialaren programazioa (hasierako maila), autoen mekanika azkarra eta konponketa, oinarrizko elektrizitatea eta elektrodo bidezko soldadura. Horrez gain, UGLEtik gogorarazten dute langabetuentzako plaza mugatu batzuk egongo direla eskuragarri, inklusioa eta prestakuntzarako sarbidea sustatzeko neurri gisa.
Hirune Iraolak, UGLE eskolako Enplegurako Prestakuntzako arduradunak, prestakuntzaren garrantzia azpimarratu du. «Prestakuntza tresna giltzarria da etorkizun profesional sendo bat eraikitzeko, bai lan merkatuan lehiakorra izaten jarraitzeko, bai enplegagarritasun handia duten sektoreetan aukera berriak aurkitzeko».
UGLEko Enplegurako Prestakuntza arduradunak ikastaro hauek guztiak doakoak direla eta ia guztiak arratsaldez emango direla ere gogoratu du. Izan ere, langabeentzako ikastaroak 15:00etatik aurrera emango dira eta lanean ari direnentzako ikastaroak, berriz, 18:00etatik aurrera.
Izen-ematea
Informazio gehiago jaso edo ikastaro horietako batean izena eman nahi dutenek, UGLErekin harremanetan jar daitezke, ikastaroetarako UGLEren whatsapp zenbakian (662 589 166) edo fpe@ugleskola.eus posta elektroniko helbidean.
Ikastaro eskaintza honen bitartez, UGLEk eskualdeko prestakuntza profesionalaren aldeko lana berresten du.