Urretxuko eta Zumarragako udaletako Euskara sailek negurako antolatuko duten egitarauaren berri eman dute. Ekitaldi bereziak, jolasak eta ikastaroak izango dira, besteak beste.
Egitaraua Alex Gonzalez eta Josu Idigoras Euskara batzordeburuek aurkeztu zuten, asteazken arratsaldean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Egitarau hau antolatzeko azaroan izan zen momentuan parte-hartze saioan herritarrek eta elkarteek erakutsitako prestutasuna eskertu zuten.
Hasteko, haurrentzako euskarazko film emanaldietan %75eko deskontua izango dela aipatu zuten. Hala, haurrek euro bakar baten truke estreinaldiez gozatu ahal izango dute. Euskarazko hurrengo emanaldiak urtarrilaren 18 eta 19an izango dira, 17:00etan. Klara eta hazi magikoen misterioa pelikula emango dute, Zelai Arizti aretoan.
Ekitaldi bereziekin jarraituz, martxoaren 15ean Antton Telleriak Ni Ni Ni bakarrizketa egingo du Labeaga aretoan. Bakarrizketa 19:00etan hasiko da. Sarrerak urtarrilaren 15etik aurrera salduko dituzte, bi udaletako webguneetan.
Bestalde, otsailaren 11ren bueltan, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, hitzaldia egingo dute. Hitzaldian Urretxu eta Zumarragako emakume zientzialariek parte hartuko dute. Herritarrek euskaraz egindako ikerketa lanen berri emango dute.
Ikastaroak
Bi ikastaro ere antolatu dituzte. Batean, podcast-ak egiten irakatsiko diete DBHko ikasleei. Profesional baten laguntzarekin, alde teknikoa eta gidoiak landuko dituzte. Ikastaro hori urtarrilean izango da. Beste ikastaroan, LH5 eta LH6ko ikasleek antzerkigintza eta inprobisazioa landuko dituzte. Ikastaro hori Egoitz Aizpuruak emango du, otsaileko asteazkenetan.
Jolaserako parada ere izango da. Otsailaren 1ean eta 2an LH5eko ikasleek Mingainluze lehiaketan parte hartuko dute, Urretxuko Labeaga aretoan. Horretaz gain, 8 eta 12 urte bitarteko haurrek Amalurren sekretua ginkana mitologikoan parte hartuko dute. Ginkana hori otsailaren 22an egingo dute.
Helduagoei begira, euskara ezagutzarik ez dutenentzat Ongi etorri 10 orduko ikastaroa antolatu dute udal euskaltegian. Doanekoa izango da. Gehiago sakondu nahi dutenek 60 orduko Aisa ikastaroan parte har dezakete. Izena emateko udal euskaltegira jo behar da (Urretxuko Labeaga kaleko 40an) edo 943 73 33 10 telefono zenbakira deitu. Izena emateko epea hilaren 19an itxiko dute.
Jon Urzelai idazlea
Bestalde, irakurle taldeak Jon Urzelai zumarragarraren Su festak liburuaren lanketa antolatu du urtarrilaren 21erako. Urretxuko liburutegian egingo dute eta idazleak parte hartuko du.
Horretaz guztiaz gain, haur eta helduentzako antzerkia ere izango da, baina horren berri gaur emango dute bi herrietako Kultura zerbitzuek.
Idigorasek eta Gonzalezek bi udaletako Euskara zerbitzuetako ateak zabalik daudela gogoratu zuten. Bertan, herritarrek zalantzak argitu edota proposamenak aurkeztu ditzakete.
Dagoeneko Euskara zerbitzuak udaberriko ekitaldiak prestatzen ari dira eta otsailean saio parte hartzailea egingo dute.