Maiatzaren 9an Jon Plazaola urretxuarrak eta Aitziber Garmendia zaldibiarrak 'Arizona' lana antzeztuko dute
Urretxu eta Zumarragako udalek arte eszenikoen egitaraua aurkeztu dute gaur goizean. 2025erako helduentzako bederatzi antzerki saio eta haurrentzako zazpi saio programatu dituzte. Maiatzaren 9an Jon Plazaola urretxuarrak eta Aitziber Garmendia zaldibiarrak Arizona lana antzeztuko dute Zelai Arizti aretoan.
Helduentzako antzezlanak Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango dira, 20:15ean. Otsailaren 7an Yllana konpainiak Passport komedia taularatuko du (gazteleraz). Ikusleak bost kontinenteetan zehar eramango dituzte eta aireportu, geltoki eta furgonetetan hamaika xelebrekeria biziko dituzte. Martxoaren 7an Artedrama taldeak Miñan antzeztuko du (euskaraz). Antzezlan hori Amets Arzalluz eta Ibrahima Balderen liburu arrakastatsuan oinarritua dago. Ibrahimak bere anaiaren bila Afrikatik Europara egindako bidaia kontatzen du.
Apirilaren 4an Alberto San Juanek Lorca en Nueva York lana antzeztuko du (gazteleraz). Maiatzaren 9an Jon Plazaolak eta Aitziber Garmendiak Arizona antzeztuko dute (euskaraz). Protagonista bere jabegoko mugak defendatu nahi dituen bikotea da. Ekainaren 6an Igor Calongek Nee dantza ikuskizuna eskainiko du.
Uztailean eta abuztuan ez da antzerki saiorik izango. Irailaren 5ean Tartean taldeak Ay, gure juaneteak lana antzeztuko du: Laboaren kantak gaur egungo gizabere baten begiradatik. Urriaren 3an Menina, soy una puta obra de Velazquez lana antzeztuko dute. Protagonista umetatik lodifobia pairatu behar izan duen emakume bat da. Azaroaren 7an Txalo konpainiak Amak lana taularatuko du. Ikastola bateko itxaron gelan atera ezinik gelditzen diren lau emakumeen istorioa da. Bukatzeko, abenduaren 5an Morfeo taldeak Strip-tease lana antzeztuko du. Komedia honetako protagonistak konturatu gabe gela txiki eta itxi batean bukatu duten bi gizon dira.
Sarrerek 10 euro balio dute. Gazte Txartela aurkezten dutenek 7 euro bakarrik ordainduko dute. Eta saioa hasi aurreko ordu erdian aurkezten dutenek 5 euro ordainduko dute. Bonua eskuratzeko aukera ere izango da, 70 euroan. Euskarazko antzezlanez bakarrik gozatzeko aukera ematen duen bonuak, berriz, 35 euro balio du. Bonuak astelehenean jarriko dira salgai.
Haurrentzako antzezlanei dagokienez, guztiak Urretxun izango dira, 17:00etan. Otsailaren 16an Behibi’s taldeak Murren bidaia antzeztuko du (5 urtetik gorakoentzat), martxoaren 16an Potx eta Lotx pailazoek Lagunekin topa! (adin guztikoentzat), apirilaren 13an Gorakadak Kelonia eta itsasoa (4 urtetik gorakoentzat), maiatzaren 11n Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorek Ostirala iritsi da! (adin guztikoentzat), urriaren 19an Markeliñek Zepo zapo (5 urtetik gorakoentzat), azaroaren 16an Aukeran dantza taldeak Amama (4 urtetik gorakoentzat) eta abenduaren 14an Zirko Txoskok Oh-pera! (adin guztikoentzat). Saio guztiak Labeaga aretoan izango dira, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorerena ezik. Hauena Ederrena piloalekuan izango da.
Labeagako saioetarako sarrerak 5 euro balio du eta Ederrenako saiorako sarrerak 7 euro. Zazpi ikuskizunetarako bonuak 20 euro balio du. Urteroko moduan, haurrari heldu batekin joateko aukera ematen dion bonua ere salgai jarriko dute. Bonu horrek 30 euro balio du. Datorren ostegunean jarriko dira salgai (urtarrilak 16). Otsailaren 14ra arte Urretxuko kultur etxean egongo dira salgai: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 12:00etara eta 16:30etik 20:30era eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara. Otsailaren 16an eta martxoaren 16an Labeaga aretoan salduko dira: 16:00etatik 17:00etara.
Ikuskizun eszenikoen egitaraua gaur goizean aurkeztu dute Urretxuko udaletxean. Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu dute ekitaldian. Elkarlana duela 35 urte hasi zela gogoratu dute. 2008tik hona, berriz, haurrentzako saioak ere antolatzen dituzte. Serranok 140 lagunek urtero bonua eskuratzen dutela aipatu du. Haurrentzako ikuskizunei dagokienez, Fidalgok iaz 184 bonu saldu zirela azaldu du. Antzezlan askotan egunerokotasuna duten gaiak lantzen direla eta balioak transmititzen direla azpimarratu dute.