Aldundiak Madrilgo turismo azokan aurkeztuko dituen egitasmoen artean Urola Garaia, Urola Erdia eta Debagoienaren lankidetza proiektua ere badago
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Madrilera joango da datorren astean, Fitur nazioarteko turismo azokan bost erakarpen turistiko aurkeztera. Horietako bik Urretxu eta Zumarragarekin lotura dute: Zumarragako Hauspoa eta tunela dokumentala da eta Hiruma egitasmoa.
Hauspoa eta tunela dokumentala Zumarraga Bide Bizia marka turistikoan integratuta dago. Gorka Hermosa akordeoilaria eta Iñaki Pinedo zuzendaria dira egileak. Zumarragak euskal hauspoaren historian izan duen garrantziari buruzko lana da eta Zumarragako Udalaren laguntzarekin egin dute. Gonbidatuen artean Fermin Muguruza, Kepa Junkera, Bernardo Atxaga, Jon Maia eta Toti Martinez de Lezea daude. Antxiñe Mendizabalek, Usoa Buscak eta Zuhaitzaren Soinuak ere parte hartu dute. Abuztuaren amaieran herritarrek erromeria bat antzeztu zuten San Kristobalen dokumentalerako. Urrian, berriz, Hermosak kalejira bat grabatu zuen. Dokumentala kalejira horrekin amaitzen da.
Hirumari dagokionez, Euskadiren arima erakusten duen bidaia da. Debagoiena, Urola Garaia eta Urola Erdiaren lankidetzaren fruitua da. Hiruen turismoa batera proiektatzeko marka turistikoa da eta bere helburua barnealdeko helmuga erreferente bihurtzea da.
Turismo diputatuak Fiturren aurkeztuko dituen gainontzeko hiru egitasmoak Oiassoko termak eta Irungo Irugurutzetako labeak, Geoparkeko Bira ibilbidea eta Urola Kostako turismo marka berria dira. Horien bidez, Gipuzkoak bere eredu turistiko berria finkatu nahi du, jasangarria izateaz gain, birsortzailea eta lurraldean eta komunitatean ondorio positiboak izango dituena.
Dominguezek atzo aurkeztu zituen bost egitasmoak. Ekitaldian Jon Luqui Uggasako lehendakariak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten.