Gainzuri ikastetxeak egutegi bat egiten du urtero. Ikastetxearen egitasmo garrantzitsuenetako bat da, 3 urtetik Lehen Hezkuntzako 6. mailara bitarteko haur guztiek parte hartzen baitute eta bere helburua euskal kulturaren transmisioa bermatzea baita. Aurtengo egutegia euskal aktoreei buruzkoa da. Ikasleek egutegirako egindako eskulanak Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan ikusgai egongo dira bihartik hilaren 24ra arte. Juan de Lizarazu aretoa asteartetik igandera irekitzen dute, 17:00etatik 20:00etara.
Aurtengo egutegiaren logoa Aktoreak antzezten, euskara amesten da. Hilabete bakoitzean aktore baten ibilbidea jaso dute. Euskal Herrian, zorionez, hamabi aktore baino askoz ere gehiago daudenez, amaieran beste hamabi aktoreren argazkiak jaso dituzte.
Urtarrileko aktorea Aitziber Garmendia zaldibiarra da, otsailekoa Anjel Alkain, martxokoa Jon Plazaola urretxuarra, apirilekoa Barbara Rivas zumarragarra, maiatzekoa Iker Galartza, ekainekoa Itziar Ituño, uztailekoa Kontxu Odriozola, abuztukoa Gorka Zufiaurre urretxuarra, irailekoa Maria Redondo legazpiarra, urrikoa Nerea Mazo, azarokoa Aritz Kortabarria zumarragarra eta abendukoa Telmo Irureta.
Egutegiaren amaieran beste hamabi euskal aktoreren argazkiak txertatu dituzte. Hamabi aktore horiek Joseba Apaolaza urretxuarra, Nerea Garmendia beasaindarra, Ainhoa Aierbe, Jon Olivares, Nagore Aranburu, Martxelo Rubio, Itziar Atienza, Ramon Agirre, Patricia Lopez Arnaiz, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo eta Iban Garate dira.
Egutegiaren azala eta kontrazala ere ikasleek egin dituzte. Guztiek gaiaren inguruko marrazkiak egiteko aukera izan dute eta ondoren bi aukeratu dira.
Aurtengoa 27. egutegia da. Urtero gai bat lantzen dutela azaldu du Iñaki Etxaniz zuzendariak. «Helburua euskal kulturaren transmisioa bermatzea da. Egutegiko gaia irailean aukeratzen dugu. Haurrak oporretatik heldu berriak dira eta ikasturtea proiektu horrekin hasten dugu. Hilabete ematen dute horretan lanean. 3 urtetik Lehen Hezkuntzako 6. mailara bitarteko ikasle guztiek parte hartzen dute».
27 urte hauetan gai asko landu dituzte: euskal musikariak, bertsolariak, herriko baserriak, zuhaitzak, herri kirolak… «Aktoreak ere euskal kulturaren parte dira, garrantzitsua gainera. Hori dela eta, aurten hilabete bakoitzean aktore bat jaso dugu. Ikasleek beraien biografia landu dute, ibilbidea. Beraien inguruko informazioa bildu dute eta ondoren bakoitzari buruzko eskulan bat egin dute. Lauzpabost laguneko taldetan lan egin dute. Gela bakoitzeko lan bat aukeratu dugu egutegirako».
Hamabi aktoreak Hizkuntza Normalkuntzarako Batzordeko kideek aukeratu dituzte. «Ez da erraza izan, aktore asko baitaude».
Gainzuri ikastetxeko familia bakoitzari egutegi bat eman diote eta eragileen artean ere banatu dute.
Urtero eskulan asko egutegitik kanpo gelditzen direnez, erakusketa bat egiten dute ikasleek egindako lan guztiekin. Aurtengoa bihar inauguratuko dute, 09:45ean. Ekitaldian ikasleek parte hartuko dute: egindako lanaren berri emango dute.