Yaima Muñoz duela 15 urte heldu zen Kubatik eta primeran moldatu da. Iaztik Gure Trena tabernako nagusia da.
Yaima Maria Muñoz Torres (Kuba, 1979) Euskal Herrira etorri zen bizimodu hobe baten bila. Urretxu-Zumarragako bizimodura primeran egokitu zen eta ostalaritza hautatu du lanbide gisa. Zumarragako Monterrey tabernan lan egin zuen eta uztailean Urretxuko Gure Trena taberna hartu zuen. Herritarrek estimu handian dute, bere adeitasunagatik.
Non jaio zinen?
1979ko irailaren 16an jaio nintzen, Kubako Camaguey eskualdean.
Nondik dator zure izena?
Kubakoa da. Han oso ohikoa da.
Ze ikasketa egin zenituen?
Oinarrizko ikasketak egin ondoren, ostalaritza ikasi nuen.
Noiz atera zinen Kubatik?
2010eko irailean atera nintzen. Han gauzak hemen baino okerrago daude eta bizimodu hobe baten bila irten ginen.
Norekin etorri zinen?
Senar ohiarekin eta semearekin etorri nintzen. Semeak 10 urte zituen orduan. Dagoeneko ikasketak bukatu ditu. Ekonomia eta Enpresa ikasketak egin ditu Gasteizen. Madrilen lan egiten du.
Euskal Herrira etorri al zineten zuzenean?
Zumarragara etorri ginen, zuzenean. Izan ere, nire senarrak lagun bat zuen hemen.
Espero zenutena aurkitu al zenuten?
Etorri nintzenetik ez naiz hemendik mugitu. Beraz, aurkitu nuena gustatu zitzaidala esan dezaket.
Zer da gehien gustatu zitzaizuna?
Egia esan, dena gustatu zitzaidan.
Zer iruditu zitzaizun deigarriena?
Hemengo askatasuna. Independentzia. Nahi duzun horretan lan egin dezakezu. Han ez. Han zailagoa da lan on bat aurkitzea: egoera geroz eta okerragoa da.
Zertan lan egin duzu Euskal Herrira etorri zinenetik?
Heldu nintzenean, adineko emakume bat zaintzen lan egin nuen. Ondoren, Olaberriko Castillo hotelean lan egin nuen. Hango lana utzi nuenetik Urretxu eta Zumarragako tabernetan lan egin dut: Bidezarren lan egin nuen, Casino elkarteko taberna hartu nuen, ondoren Monterrey taberna hartu nuen eta iaz Gure Trena hartu nuen.
Zergatik erabaki zenuen Gure Trena taberna hartzea?
Monterrey 2020an hartu nuen. Gustura nengoen, baina Gure Trena hartzeko aukera suertatu zen eta aukera ona zela iruditu zitzaidan.
Gustura al zaude hartutako erabakiarekin?
Bai, oso gustura nago. Izan ere, Gure Trena oso toki onean dago eta bezero asko ditugu.
Urretxu eta Zumarragako ostalaritza ondo ikusten duzu, beraz.
Bai. Ni behintzat oso ondo lan egiten ari naiz. Gustura. Bezeroekin oso harreman ona dut.
Azken asteak gogorrak izango ziren: Santa Lutzi feria, Gabonak…
Beno… Asko lan egin dugu. Hemen Monterrey tabernan baino lan gehiago dut. Gazte gehiago etortzen dira eta mugimendu handiagoa dago.
Zer egiten duzu aisialdian?
Ostalaritzan lan egiten dugunok ez dugu aisialdirako denbora asko izaten. Denbora dudanean, denbora hori nire buruari eskaintzen diot. Donostiara joatea asko gustatzen zait. Kontxa da nire hondartza kuttuna. Bestalde, nire aita Kuban bizi da eta bi urtetik behin bisitan joaten naiz.